EH Bilduk mozioen bidez eskatuko du ospitalean oheak jartzea
Busturialdeko herrietako udaletan mozioak aurkeztuz eskatuko dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari «hitz emandako» ospitalizaziorako oheak Gernika-Lumoko ospitalean jartzea.Oheak hirugarren solairuan jartzea eskatzeaz gain, solairu horretan egon beharko ...
Oheak hirugarren solairuan jartzea eskatzeaz gain, solairu horretan egon beharko liratekeen zerbitzu eta langileak egotea ere eskatzen dio EH Bilduk.
Gainera, «proiektuaren hasieran agindutako bestelako zerbitzuak» martxan jartzeko urratsak eman behar direla esan du koalizioak; besteren artean, hemodialisi zerbitzua martxan jartzea eta erradiologia zerbitzua bere osotasunean erabiltzea. «Ospitalizazio oheak izateko aurreikusita zegoen hirugarren solairuak hutsik jarraitzen du. Gainera, Gernika-Lumoko Osasun Zentroko lehen mailako arretako zerbitzuak bertara eramateko egitasmoa ez dute guztiz baztertu Osakidetzako arduradunek», adierazi dute koaliziokideek.
Horrela, aurkeztuko diren mozioetan udalerriko Osasun Zentroan ematen diren lehen mailako arretako zerbitzuak Ospitaleko hirugarren solairura lekuz aldatzeko proiektua «behin betiko baztertu behar dela» adieraziko dute. Izan ere, udalerriko osasun zerbitzu guztiak leku bakar batean batzea «benetako ospitalea izateko aukera behin betiko hipotekatzea» izango litzatekeela uste du EH Bilduk.
Busturialdea «baztertuta»
EH Bilduren ustez, Busturialdea osasun arloan «baztertuta» egon den eskualdea da historikoki, alde batetik, erreferentziazko ospitale batetik «urrun» dagoelako, eta, bestetik, Gernika-Lumoko ospitalea baino beranduago abiarazi diren bestelako proiektuek ospitalizazio zerbitzuak bermatuta dituztelako; Urdulizko eta Eibarko ospitaleetako zerbitzuak, esate baterako.
Proiektu horiek Gernikako Ospitalearen aurrean «lehenetsi» dituztela uste du EH Bilduk. Gainera, «urrun» egote hori gaixoentzako kaltegarria dela azaldu dute: «Gernika-Lumoko ospitaleko ohe faltak urruti dauden Gorliz eta Santa Marinako ospitaleetaraino joan beharra eragiten die Busturialdeko gaixo zein senideei. Egoera horrek kostu ekonomikoak dakartza, eta gaixoak fisikoki eta psikologikoki kaltetzen ditu».