Bizipenen kontakizuna lagun eta taldekideen begietatik
Hamahiru urte eta gero, herrikoen aurrean agurtu zen iaz Sarkor. Orain, baina, ezkutuan gordetako kontakizunak ezagutaraztea erabaki dute. Hala, barikuan 20:30etan Elai-Alai aretoan proiektatuko dute dokumentala.
Hamahiru urteko ibilbidea eta gero, iazko azaroan, Sarkor Ez, Sarkor No aldarrikapenari eutsiz agurtu ziren taldekideak. Aurten, baina, beraien joan etorriei buruzko ikus-entzunezko kontakizuna eraikitzea erabaki dute.
Lau disko utzi ditu Sarkorrek. Su emoten hasi zuten ibilbidea, eta Sentimendu gabe jarraitu zuten. Mundu kodifikatuen atzean bizi garela aldarrikatuz zuten gero, eta 2016an, hirukote moduan ateratako azken diskoan, taldearen nortasuna mantenduz Sarkor izena jarri zioten azken lanari.
Lau diskoak aurkezten aurrera eta atzera ibili dira, eta kilometro baten eta bestearen artean asko dira gordeta izan dituzten momentuak. Horiek gogoratzeko, eta ezkutuan zeukaten materiala erakusteko, Sarkor Garena Gara izeneko dokumentala aurkeztuko dute barikuan, Elai-Alai aretoan. Arratsaldeko 20:30ean hasiko da proiekzioa eta sarrera doakoa izango da.
Taldearen ibilbidea biltzen duen dokumentalak denetariko materiala izango du; izan ere, taldekideen aitorpenak, lagunen elkarrizketak edota zuzeneko kontzertuen tarte batzuk ikusi ahalko dira bertan. “Taldeari buruzko dokumental oso pertsonala da, eta taldearen historia ondo laburbiltzen du”, aitortu du Asier?Musatadi Musa taldekideak. “Gure ibilbidea zelan bizi izan dugun eta zelakoa izan den argi ikusiko da”, aitortu du Musak. Gainera, taldeak jarraitzaileekin izan duen harreman estua zelakoa izan den agerian geratuko dela azaldu du: «Inguruko jendeak gugaz daukan harreman oso ondo batzen du ikus entzunezkoak».
Omenaldi kutsua hartu zuen azaroan egindako azken agurrak, eta momentu horiek ere gordeta izan dituzte. Barikuan, berriz, agerian geratuko dira.
Ikus-entzunezkoa. Xabier Crespo izan da Sarkorren ibilbidea batzeaz arduratu dena, eta berak zuzendu du Elai-Alaien aurkeztuko den lana.
Gernika-Lumoko aretoan proiektatzea soilik aurreikusi dute, baina, nahi duenak DVD formatuan eraman dezake etxera, “diskoekin egin moduan, fisikoki ere landu nahi izan dugu-eta”.