Heineken Ligaren lehen jardunaldian Independiente Rugbyren kontra galdu (54-21) ostean, denboraldiko etxeko lehen partiduan lehen garaipena eskuratzeko gogoz zeuden basurdeak. Etxekoen aurrean
Ordiziari irabaztea zen erronka, baina, gutxigatik bada ere ezinezkoa izan zen.
Zapatuan 23-24 amaitu zen Urbietako partidua.
Gogotsu zelairatuta, partidu hasiera ezin hobea izan zen etxekoentzat. Zelaian nagusi ziren, eta euren erasoko jokaldien aurrean, aurkariak noraezean ibili ziren. Nagusitasun horrek berehala izan zuen saria.
Matias Frutosek entsegua egin eta berak transformatu zuen, markagailua estreinatuz. 8. minutuan 7-0 aurreratu zen etxeko taldea. Bost bat minutu beranduago, zigor kolpe batekin aldea murriztu zuten ordiziarrek.
Hala ere, egoera ez zen aldatu, eta etxekoek euren
nagusitasuna mantendu zuten hurrengo minutuetan. Gainera, Frutosek zigor kolpe batekin aldea handitu zuen. Lehenengo zatia intentsitate handikoa izan zen, eta lehen zatiko azken minutuetan intentsitatea areagotu zuten. Basurdeak euren bigarren entsegua egiteko gertu ibili ziren jokaldi batean. Horretan marka lerrotik oso hurbil bukatu zuten jokaldia, baina, berehala heldu zen bigarren marka. Santiago Percellok lortu zuen etxekoen bigarrena, eta Frutosek transformatu zuen. Alabaina, lehen zatia albiste txarrekin amaitu zuten. Izan ere, Mateo Bast eta Andoni Larrabeiti barik geratu zen talde gernikarra.
Argazkia: Anuar Gomez.
Bigarren zatiaren hasieran lehenengo zatiko jokoari eutsi zion etxeko taldeak. Zelaian gogotsu, eta bizi-bizi jokatuta, zigor kolpe batekin
20-3 markagailuagaz jarri ziren. Aurkariek zuten abantaila aprobetxatu nahi zuten, baina, ez zen euren entsegua heltzen. Bigarren zatiko 11. minutuan marka egitetik hurbil egon ziren. Basurdeak defentsan sendo aritu ziren, eta aurkarien erasoko jokaldiei arazo barik aurre egin zieten. Hala ere, ordiziarren ahaleginak fruitua izan zuen, eta entsegua egitea lortu zuten (20-10). Basurdeek beste hiru puntu eskuratuta erantzun zieten aurkarien lehen entseguari.
23-10eko markagailuagaz, Ordizia partiduan sartu zen, eta beste entsegu bat eginda aldea sei puntutara murriztea lortu zuen. Ondoren, Mateo Bast kapitainak zelaia utzi behar izan zuen, bigarren txartel horia ikusi zuelako. Zazpi minutu geratzen ziren partidua amaitzeko, eta bi taldeetako jokalariek garaipena ziurtatu gura zuten. Orduan, ordiziarrek markagailua irauli zuten: 23-24. Emaitza horrekin amaitu zuten partidua, eta basurdeek puntu bakarragaz konformatu behar izan zuten.