Gernika-Lumo ezagurataztea eta bakeari buruzko hausnarketa bultzatzea helburu dituen heziketa programa aurkeztu du Gernika Gogoratuz elkarteak, lehenengoz.
Hitz konplexuak dira
bakea,
gerra,
giza eskubideak eta
memoria historikoa. Erraz defini daitezke, baina horiei buruzko hausnarketa pertsonala egitea ez da horren gauza erraza izaten. Askok diote bakearen alde egin behar dela, bai eta giza eskubideak errespetatu egin behar direla ere. Baina ez da ohikoa izaten gaur egungo gertaerei buruzko hausnarketa sakona egitea.
Horregatik, eta leku historiko bezain garrantzitsua lekuko hartuta, bakeari buruz hausnartzeko programa hezitzaile bat aurkeztu du aurten, lehenengoz, Gernika Gogoratuz elkarteak. Herria eredu bihurtuta, eta bertan gertatutakoa aintzat hartuta, bakearen garrantziaz ariko dira. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin bultzatu du elkarteak ideia, eta Euskal Herriko ikastetxe orok parte har dezake bertan. Giza eskubideen trataera lantzeko aukera ere eskaintzen du proiektuak; izan ere, giza eskubideen tokiko ereduak eta eredu globalak landuko dituzte.
Demokrazia, gizartea, gatazka edota artea lot daitezke bakearekin. Hainbat dira ikastetxeetako ikasleek programaren bitartez landu ditzaketen gaiak.
Gizartea, izen moduan, euskaraz oso esanguratsua dela deritzo Andreas Schafter heziketa programaren koordinatzaileak. Benetako
giza-arte batean gauden, edo giza banaketa sufritzen ari garen galdetzen dio bere buruari. “Gizartea guztiok gara, eta gure jarrerarekin eraldatzen dugu. Edozein hitz edo jarrerak eragina dauka”.
Bost ildo nagusi ditu programak, eta horietatik nahi dutena aukeratu ahal izango dute ikastetxeek. Memoria historikoa lantzearen garrantziaz jarduteko aukera izango dute, baita gerraren eta miseriaren ondorioez ere. Gainera, demokrazia garaian herritarrek dituzten eskubide eta betebeharrez aritzeko aukera ere izango dute ikasleek. Artea bakearen pedagogiarako tresna izan daitekeela ere har dezakete hausnarketaren oinarritzat. Eta, azkenik, gatazkak eraldatzearen beharraz jardun ahal izango dute parte hartzaileek.
Kultura eta bakearen hiria izenarekin da ezaguna Gernika-Lumo, eta, 1937ko bonbardaketa gertatu eta gero, hainbat dira bertan urtez urte bakearen alde egin diren ekintza eta jarduerak. Programa berri honen bitartez, Gernika-Lumo bisitatzen duten ikasleek bisita “sakona” jasoko dute. “Urte osoan talde ugari etortzen dira Gernikara, bai Euskal Herritik eta bai Frantziatik. Egun seinalatuetan etortzen dira herrira, eta ikuspegi orokorra besterik ez dute jasotzen. Herriko leku esanguratsuak bisitatzen dituzte, baina ez dute bertan gertatutakoari buruz sakontzen, ez eta gertaeren aurrekariei buruz ere”, adierazi du Schafterrek.
Iaz Gernika Gogoratuz elkarteak antolaturiko tailerretako bat, Astran.
Argazkia: Gernika Gogoratuz.
Tokiko eredutik abiatuta, XXI. mendeko bakeari buruzko hiru ikuspegi planteatzen ditu programak. Zer gertatu den gogoraraztea, bakea zertarako bultzatu behar den hausnartzea, eta zer egin daitekeen ikustea.
Schafterren berbetan, Gernika-Lumo eta haren historia ezagutaraztea da, hein handi batean, programaren helburu nagusia: “Leku oso garrantzitsua da; gerra garaian leku esanguratsua izan zen udalerria, eta oraindik ere bada. Gure ikuspegitik bisitariei ikusarazi nahi diegu bertan gertatutakoa”. Udalerrian gertatutakoa etorkizunean ez gertatzea da, beraz, landu nahi duten alorretako bat.
Horretarako, beharrezkoa da zer gertatu zen jakitea. “Garai aldaketa eragin zuen bonbardaketaren suntsiketak Gernikan. Hura ez zen zibilen aurkako lehen bonbardaketa izan, baina bai horrenbesteko planifikazioa izan zuen suntsiketa masiboa”, azaldu du Schafterrek. Gerra gertatu aurretik, errepublika garaian, gizartean egon ziren ideologia ezberdinak lantzea ere ezinbestekotzat ikusten du koordinatzaileak. Gizartean zelako planteamenduak egon ziren ikustea, eta gaur egungo gizarte ereduekin alderatzea beharrezkoa da; hainbat antzekotasun daude lehengoaren eta gaur egungoaren artean.
Zehaztuta dauden bost ildo nagusiak ez dira egonkorrak, zentroen beharrizanen arabera egokitu ahal dira
“Krisi garaian bizi gara, eta gizartean sortzen diren mugimenduak ia-ia berdinak dira lehen eta orain. Beraz, gerra aurretik izan ziren gizarte planteamenduak ezagutu behar ditugu. Zer egin behar dugu hemendik aurrera? Zelan saihestuko dugu hori? Eta zelan egingo dugu? Galdera horiek erantzutea beharrezkoa da. Inplikazioa aurkitu behar da horrelako gertaerak berriro gerta ez daitezen”, esan du Schafterrek.
Hausnarketa
Munduan zehar dauden gatazken oinarrian hainbat gizarte planteamendu daude, eta horiek nola erauzi behar diren ikusteko aukera izango dute gazteek programa honen bitartez. “Gerra zibilaren krisi garaitik gaur egungo gizartera zubi bat eraikiko dugu. Gaur egun ere, gerrak eta bonbardaketak dauzkagu munduan zehar, eta horiek bultzatu dituzten arrazoiak antzekoak dira. Gerren ondorioak beti izan ohi dira berdinak, eta herritarrentzat inoiz ez dira onak izan”.
Hausnarketara bideratutako tailer hauek, hain zuzen, gatazka garaian Gernika-Lumon hain esanguratsua izan zen Astran emango dituzte. “Zer izatetik zer izatera hel gaitezkeen ikusteko leku paregabea da Astra. Arma fabrika zena zentro kulturala da orain; esanguratsua”.
Programan zehaztutako ildoak ez dira itxiak, eta ikastetxeen beharrizan eta denboretara egokitu daitezke. “Ideia Gernika-Lumo bisitatzea da, baina baita tailerra egitea eta landutako gaiei buruzko hausnarketa sakona egitea ere”. Schafterrek uste du beharrezkoa dela gazteen ikuspegia lantzea, baina adierazi du lanketa hori “parte hartzailea eta dinamikoa” izango dela. “Kontraesanak mahai gainean jarri behar dira. Lanketa horietatik ateratzen baitira benetako gogoeta pertsonalak”.