80 bat pilotuk parte hartuko dute Ereñoko Motrokrosean, bihar
Bihar lehiatuko dute Euskadiko Txapelketarako puntuagarria den Ereñoko Motokrosa. Gernika Off Road-eko ordezkariek esan dutenez, 80 bat pilotuk parte hartzea espero dute.
15:00etan hasiko dira lanean lehenengo moto gidariak, baina, 12:00etatik aurrera entrenamenduak egingo dituzte. Antolatzaileek aurreikusi dutenez, 19:30ak aldera banatuko dituzte sariak.
Kategoria hauek lehiatuko dituzte: umeak (75 eta 85 zk), 18 urtez azpikoak, klasikoak eta elitea (MX1 eta MX2).
Beste behin, ikuskizuna eskainiko duten eta txapelketa irabazteko faboritoak diren goi mailako pilotuak egongo dira Ereñoko Gabika auzoan. Horietako bat da Munduko MXGP txapelketa lehiatzen ari den Ander Valentin nafarra. Joan Cros eta Francesc Mataro katalanak ere irabazteko gogoz joango dira. “Guretzat pozgarria da halako pilotuak etortzea. Maila handiko pilotu taldea izateak ikuskizuna ziurtatuta dagoela esan gura du, eta ondorioz, moto zaleek gozatzeko aukera dute”, zehaztu dute Gernika Off Road-eko kideek.
Bertoko moto gidariei dagokienez, Elite mailako MX2 kategorian parte hartuko dute Alex Olaeta Ibarrangeluko pilotuak eta Lekeitioko Jokin Aldamizetxebarriak. Bestalde, 18 urtez azpikoetan Unai Gerrikaetxebarria gernikarrak eta Alex Unzueta markina-xemeindarrak korrituko dute, eta klasikoetan ariko da Ander Aldana gernikarra.
Euskadiko Txapelketaren laugarren proba da biharkoa. Hurrengoa hilaren 29an da Nafarroako Faltzes herrian. Azkena, berriz, Burgoseko Quintana Maria herrian izango da azaroaren 4an.