Bizikleta Astea ospatuko dute aurten zortzigarren urtez Gernika-Lumon, eta bihartik astelehenera bitartean pedalkadak emateko hainbat aukera izango dituzte herritarrek.
Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak antolatutako asteak, aurten ere,
Kotxerik Gabeko Naziarteko Egunagaz bat egingo du. “Bizikletak gehiago erabiltzea, eta kotxea alde batera uztea bilatzen dugu”, aitortu dute arduradunek.
Aurten, berrikuntza modura, Lumoko kronoigoera antolatu du Aixerrotapek; Pasealekutik hasita Lumora arteko bidea igoko dute-eta. Lehenengo umeen lasterketak egingo da, eta gero lagun artekoa. “Ondo pasatzeko eta barre egiteko aukera paregabea da kronoigoera”. Dagoeneko, 30 pertsonak eman dute izena, baina parte hartu nahi izanez gero, gaur arte apuntatu ahalko da aixerrotaze@gmail.com helbide elektronikora idatzita.
Martxa txiki solidarioa, domekan egingo dute, eta ordubeteko iraupena izango du. Herriko kaleak zeharkatuko dituzte familiek. Parte hartzeko, kilo 1 janari eramatea beharrezkoa da, Gurutze Gorriari laguntzeko.
Astelehenean Bizikleta Asteagaz amaitzeko, berriz, tailerrak egingo dituzte Pasealekuan. Basati Biken eskutik, bizikletaren mekanika jorratuko dute parte hartzaileek.
EGITARAUA
– Bihar: Goizean. DBH 2. mailako ikasleekin hitzaldia Elai Alai Aretoan.
– Etzi: 09:00. Lagunarteko MTB (30-40km) eta errepide ibilbideak (60-70km), Pasealekutik irtenda.
16:30. Bizkaiko txiki mailako Lumoko Krono Igoera (federatuak), Pasealekutik irtenda.
18:00. Gernikako Lagunarteko Lumoko Krono Igoera, Pasealekutik irtenda.
– Domeka: 10:00. Umeentzako Gynkana, Pasealekuan.
12:00. Familientzako, Martxa Txiki solidarioa, Pasealekutik irtenda (ordu beteko iraupena).
– Astelehena: 09:30-13:30: Eskolako umeentzako bizikleta tailerrak, Basati Biken eskutik, Pasealekuan.