Mendizale taldeak Urdaibaiko kobak, leizeak, urzuloak eta ubegiak deritzon irteera antolatu du, domekarako [irailak 23]. Goi Zalekoek adierazi dutenez, eskualdeko kobak bisitatzera egingo duten
bigarren etapa izango da. Domekan, zehatz esanda, iaz egin beharreko etapa egingo dute. “Irteera hauek, normalean, azaroan egiten ditugu, eta iazkoa bertan behera laga behar izan genuen, eguraldi txarragatik. Eta iaz egin beharrekoa orain egingo dugu”.
Mendi martxa egitera animatzen direnek
bi distantzia egiteko aukera izango dute. Bata, 18 kilometrokoa (Gautegiz Arteagaraino) eta, bestea, 23 kilometrokoa (Gernika-Lumoraino). Hitzordua 07:30ean ipini dute Gernika-Lumoko autobus geltokian, eta handik Nabarnizko Zabaleta auzoraino joango dira autobusean.
Duela bi urte Kobaederra kobara egindako irteera. Argazkia: Goi Zale mendi taldea
Behin Zabaletara helduta, honakoa ibilbidea jarraituko dute mendizaleek: Berengarai, Kurtziagana, Goiko Atxa, Bustarrigan, Ondoko pista, Gerenda mendia, Ereño (Elexalde), Muruetagana, Oxigana, Larragane, Garategana, Armotxeko lepoa, Ondobakozulo, Olagorta, Argatxakourzuloa, Portu, Zollo, Arteagako gaztelua eta Gautegiz Arteaga.
Gautegiz Arteagan, berriz, nahi dutenek
itzulera autobusa hartzeko aukera (13:45ean, Urdaibai Bird Centerreko aparkalekuan) edo bestela azken kilometroak oinez egiteko aukera izango dute, erreka ondoko pasealekutik zehar Gernika-Lumora.
Ibilaldian parte hartzen dutenek, gainera, hainbat koba, leize, urzulo eta ubegi bisitatzeko aukera izango dute. “
Koba bakoitzaren aurrean geldialdiak egiten joango gara, eta azalpenak emango ditugu. Aukera dagoenetan, barrura ere sartuko gara”. Besteak beste, Nabarnizko Gurutzeganeko eta Goiko Atxeko kobak arkeologia aztarnetegiak, Ereñoko Potoko leizea eta Arestiko koba edo Gautegiz Arteagako Armotxeko kobetatik igaroko dira.
Antolatzaileek adierazi dutenez,
bost bat orduko irteera izango da, eta bertan parte hartu nahi dutenek aurretiaz eman beharko dute izena, autobusak ondo antolatzeko. Horretarako azken aukera bihar [irailak 20] egongo da Goi Zale mendi taldearen egoitzara hurreratuta (Pedro Elejalde kalea, 8) edo 94-625 84 78 telefonora deituta (eguenean 20:00etatik 21:30era). Autobusaren prezioa 5 eurokoa da bazkideentzat, eta 7 eurokoa bazkide ez direnentzat. Gogorarazi dutenez, bakoitzak bere jatekoa eta edatekoa eraman beharko ditu.