Galbaixo jaiak herri osora zabaldu dira, hutsik egin gabe
Jai giro betean murgildu dira mutrikuarrak Galbaixo jaietan, aurreko asteburuan. Ume eta nagusi, denek eduki dute ekimenez gozatzeko aukera, eta prest daude hurrengo astebururako ere. Izan ere, Galbaixotarren Eguna ospatuko dute domekan.Barikuan, dozen...
Barikuan, dozenaka kuadrilla eta familia hamaiketakoa hartuta igo ziren Galbaixo auzora, eta eguerdira bitartean, jai giroan bete-betean sartuta egon ziren, herri kirolak lagun. 14:30ean, jai giroa Mutrikuko erdigunera aldatu zen, goitibeheren bitartez. Bide hori egiten lehenak Tranpan behera inertzia taldeko mutrikuarrak izan ziren. Banan-banan, kuadrilla eta lagun taldeak herrira jaisten hasi ziren; gutxi gorabehera, 80 goitibeheratan banatuta.
Tramankulu ikusgarriak
Goitibehera bitxietan jaitsi ziren kuadrillak 2,5 kilometroko ibilbidean, bakoitzari zegokion orduan. Goitibehera bik istripua eduki zuten, eta, hori dela eta, denbora luzez bidea moztuta egon zen, anbulantziek min hartutakoak artatu zitzaten.
Eguraldi ezin hobeak lagunduta igaro dira gainontzeko egunak ere, eta, asteburuan gertatu direnez, jendetsuak izan dira ekimen guztiak, Galbaixo Txiki eguneko marmitako lehiaketa, esate baterako. Antolatzaileek 16 lagunentzako muga jartzen dute, eta, aurten ere, aurkeztutako bikoteen artean zotz egin behar izan zuten, izena emandakoen kopurua handiagoa izan zen eta. Epaimahaikoen iritziz, Ibiri baserriko Karmen Ansorregi Egaña eta Erdikua baserriko Belen Fundazurik prestatutako marmitakoa izan zen denetatik onena. Txoko Eder elkarteak antolatutako ekimenean epaimahaian aritutakoek aurten marmitakoen mailak gora egin duela nabarmendu dute. Diru eskaintzak 130 eurotik 50 eurora bitartekoak izan dira.