Arrakastaz ospatu da Karraspion VII. Surf Eguna
80 umek parte hartu dute goizeko surf ikastaroetan. Axi Muniainek 'master class' eta surf eta bodyboard saioak eman ditu. Oregik irabazi du Txiki Surf lehiaketaHarrera ona eduki du aurten ere Artzabal Surf Elkarteak Mendexako Karraspio hondartzan anto...
80 umek parte hartu dute goizeko surf ikastaroetan. Axi Muniainek ‘master class’ eta surf eta bodyboard saioak eman ditu. Oregik irabazi du Txiki Surf lehiaketa
Harrera ona eduki du aurten ere Artzabal Surf Elkarteak Mendexako Karraspio hondartzan antolatutako VII. Surf Egunak. 80 umek parte hartu zuten goizeko surf ikastaroetan, eta arratsaldeko hondar hondakinen eta hondarrezko eskulturen tailerrek ere parte hartze handia eduki zuten. Denetara, 100 bat ume aritu ziren sormen lanetan.Hiru begiralek lagunduta ikasi zuten umeek goizean surfean, eta irakasle berezia eduki zuten arratsaldean. Axi Muniain surflari ezagunagaz surfeko master class-a bai eta bodyboard eta surf expression saioak eduki zituzten surfzaleek.
Aurten, nagusien surf txapelketa barik expression saioak eskaintzea erabaki zuten Artzabal Surf Elkartekoek, «nagusien txapelketa luze joaten delako». Saioko irabazlea Odei Cristobal izan zen. Txiki Surf lehiaketa, ordea, Oxel Oregik irabazi zuen. Hogei parte hartzaileen artean egin zuten lehia.
Hondarrezko arte lanak
Surf ikuskizunez gain, ikusgarria izan zen bai eta ere, Andoni Bastarrika sortzaileak hondarragaz eraiki zuen marrazoa. Egun osoan egon zen lanean, 09:00etan hasi eta bazkalostera arte. Eskultura tailerra ere eskaini zuen Bastarrikak, dordoka eta olagarroak eraiki zituzten, besteak beste, tailerreko parte hartzaileek.
Urtero bezala, kirola, jaia eta giro ona lotu zituen egunak. Familia argazkia atera eta Axi Muniainek sariak banatu ostean, Rock and Roll Expres taldearen kontzertuagaz amaitu zuten eguna.