Azoka ekologikoa berriro ere dator Busturiko Axpe auzora.
Zapatuan, 12:00etatik aurrera, hurreratzen direnek hainbat produktu mota edukiko dituzte eskuragarri. Busturiko Udaletik nabarmendu dutenez,
24 ekoizleren salmahaiak egongo dira uda garaiari bukaera emango dion azoka ekologikoan.
Aurtengoa dagoeneko tradizio handikoa den azoka hori ospatzen duten
hemezortzigarren aldia izango da. Urtero, Busturiko Udalak eta Lurreko Nekazari Ekologikoen Elkarteak BBKren laguntzagaz antolatzen dute azoka ekologikoa. Irailean azoka ekologikoa egiten duten hirugarren urtea izango dute. Ordura arte uztailean egiten bazuten ere, irailean “genero gehiago eta hobea” egoten dela adierazi dute.
Salmahaietan
ez dituzte ortuariak soilik jarriko: marmeladak, gazta eta esnekiak, ogia, pasta ekologikoa, kosmetikoak edota eskulanak ikusteko aukera izango du, besteak beste, Axpe auzora hurreratzen denak.
Musikak ere berebiziko garrantzia hartuko du, azoka girotzeko kalejiran ibiliko baitira trikitilariak, eta kantu kantari taldekoek abestiz beteko dituzte auzoko txoko ezberdinak. Aurten urtero legez egiten duten Irrintzi Alai Dantza taldekoen dantza erakustaldia ere ez da faltako, eta 50. urteurrena betetzen dutela aprobetxatuko dute.