Mutriku Sokatira Taldeko kideak munduko txapelketan egongo dira
Hego Afrikako Ciudad del Cavon ospatuko da txapelketa. Mutriku Sokatira Taldeko kideak domekan abiatuko dira. Bi kidek Euskal Herriko selekzioagaz ere parte hartuko duteMutriku Sokatira Taldeak irailaren 19tik 22ra bitartean Ciudad del Cavon (Hego Afri...
Hego Afrikako Ciudad del Cavon ospatuko da txapelketa. Mutriku Sokatira Taldeko kideak domekan abiatuko dira. Bi kidek Euskal Herriko selekzioagaz ere parte hartuko dute
Mutriku Sokatira Taldeak irailaren 19tik 22ra bitartean Ciudad del Cavon (Hego Afrika) ospatuko den Munduko Lur Gaineko Sokatira Txapelketan parte hartuko du; taldeen arteko txapelketan parte hartuko dute. Tartean Nazioen Arteko Txapelketa ere jokatuko da, eta horretan Mutriku Sokatira Taldeko bi kidek parte hartuko dute Euskadi Basque Country Selekzioarekin.Javier Urresti Mutriku Sokatira Taldeko kideak esan duenez, domekan abiatuko dira Hego Afrikarantz. «Taldeko hiru kide ez dira etorriko, besteok joango gara». Martitzenean (irailak 18) pisaketak egin eta gero, eguaztenean pisu txikian (560) lehiatuko dutela esan du. Eguenean, aldiz, (irailak 20), 640 kilokoan lehiatuko dute.
Mutriku Sokatira Taldeak munduko txapelketan parte hartzen duen 28. aldia-edo dela esan du Urrestik. «Ni 1991n sartu nintzen, eta ordurako Suitzara joanda zeuden. Nire kalkuluen arabera, aurtengoa 28 edo 29. txapelketa da».
«Dena ematera»
Euren asmoa ondo pasatzea eta ahalik-eta ondoen egitea dela esan du Urrestik. «Haraino joanda, ez goaz irabazten uztera. Guk ahal dugun dena emango dugu».
Munduko txapelketan parte hartzea «esperientzia aberasgarria» dela dio. «Esperientzia polita izaten da. Eta batez ere taldekide gazteentzat. Azken batean, haiek ikusi ahal dute kirol honetan mundu mailan ere zer dagoen».
Nazioen Arteko Txapelketa irailaren 21ean eta 22an jokatuko da, eta Patxi Ituarte eta Iker Goikoetxea Mutriku Sokatira Taldeko kideek Euskadi Basque Country selekzioagaz parte hartuko dute. «720 edota 680 kiloko kategorian lehiatuko dute».
Beste euskal taldeak
Lehiaketak eginda, pare bat egunez turismoa egiteko aukera edukiko dutela gaineratu du. «Gero, hilaren 25 iluntzean hegazkina hartuko dugu, eta hilaren 26an helduko gara Euskal Herrira».
Mutriku Sokatira Taldearekin batera, beste bi euskal talde ere egongo dira munduko txapelketan: Laukizko Gaztedi eta Erandio Goikoko Goiherri. Federakuntzak esan duenez, hiru euskal taldeetatik 89 pertsona jo- ango dira. «Bi euskal epaile ere han egongo dira lanean: Jose Maria Markaida eta Jose Antonio Uriarte».