Kepa Arronategi preso gernikarra Zuerako espetxera hurreratuko dute
Almeriako espetxean dago preso Kepa Arronategi Azurmendi gernikarra, Euskal Herritik 1.000 bat kilometrotara hain zuzen ere. Almeriatik Zaragozan aurkitzen den Zuerako espetxera lekualdatuko dute, etxetik 350 kilometrotara hurreratuz horrela, Espainiako Espetxe Zuzendaritzak adierazi duenez.
Arronategik 1997. urtetik darama preso Almeriako espetxean, eta larriki gaixo aurkitzen da. 7.500 gau inguru egin ditu etxetik kanpo gernikarrak, eta egunean 20 bat ordu 6 metro koadrotan pasatzen izan ditu Almerian. Gainera, larriki gaixo egon arren espetxeraturik jarraitzen duten euskal presoen artean aurkitzen da Arronategi, legearen arabera aske egon beharko zen arren.
1999. urteko maiatzean 72 urteko espetxealdira zigortu zuen Arronategi Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta horrela, dagoeneko zigorraren bi heren beteta ditu gernikarrak.
Milioi bat kilometro. Abuztu hasieran Etxerat elkarteak jakitera eman zuenez, Arronategiren senideek ezbeharra izan zuten presoa Almeriara bisitatzen zihoazela, furgonetari gurpila lehertu ostean. Zauriturik egon ez bazen ere, presoen sakabanaketarekin amaitzeko deia egin zuten elkartekoek.
Etxekoek eta lagunek otsailean egin zuten elkarretaratzean azaldu zutenez, milioi bat kilometro egin dituzte bera Almeriako espetxean bisitatu ahal izateko, eta guzti horrek 140.000 euro inguruko kostu ekonomikoa eragin die azken urteetan.