Hazteko eta hobetzeko ilusioagaz
[IKUSI HEMEN GAURKO AURKEZPENEKO ARGAZKIAK]
Naiara Diez kapitainarentzat seigarren urtea da talde gernikarrean. Dituzten erronkak betetzeko “talde polita” ikusten duela dio, eta “joko alaia” egingo dutela: “Partidu asko ditugu lehenengo bi asteetan; bi astetan bospasei partidu ditugu. Beraz, erronka handia da guretzat. Falta diren jokalariak ezagutzen ditugu; maila handikoak dira. Etorri direnak oso pozik daude, lana ondo egiteko gogoarekin”. Aurten zortzi talde sartuko dira Erregina Kopan, eta liga irabazteko kanporaketak ere zortzi taldek lehiatuko dituzte: “Europako erronka eta ligakoa ilusio handiarekin hartuko ditugu. Ea taldean ondo lan egiten dugun”. Etxean bezala sentitzen da, “gernikar bat bezala”. Zaleen bultzada ezinbestekoa da, eta aurten, gainera, EuroCup-a Malostera dator, eta pozik daudela adierazi du kapitainak: “Pasaden urtean oso ondo egon ginen Bilbon, eta jende asko joan zen. Baina, Gernikan jokatzea beti da berezia guretzat. Obra asko egin dituzte FIBAko baldintzak betetzeko, eta uste dut Maloste oso polita geratuko dela. Gernikako jendea gurekin egongo da, eta hori guretzat seigarren jokalaria pistan egotea da”. Euskal Kopa, lehen hitzordua. Domeka honetan hasita, hainbat lagunarteko jokatuko ditu taldeak denboraldi-aurrean. Horrez gain, irailaren azken asteburuan (irailak 29 eta 30) Euskal Kopa lehiatuko dute, Durangon. Hiru urtez jarraian koparen txapeldun izan ondoren, iaz puntu bakarragatik galdu zuten finala, eta aurten kopa etxera ekartzeko lehiatuko direla adierazi dute. Gernika-Lumoko taldeagaz batera, DK Gipuzkoa eta RPK Araski ariko dira titulua lortzeko lehian, eta horiekin batera GDKO Ibaizabal edo Añares Rioja lehiatuko da (elkarren kontra jokatuko dute Euskal Kopara sailkatzeko). Lointek Gernika Bizkaiak IDK Gipuzkoaren kontra lehiatuko du finalerdia irailaren 29an, 19:30ean. Aurretik, domekan (irailak 16) Tarbes talde frantziarraren kontrako lagunartekoa daukate, Malosten. 12:30ean hasiko da partidua. Irailaren 22an (zapatua), ostera, Donostiara joango dira IDK Gipuzkoaren kontra lehiatzera. Urriaren 5ean, berriz, Mann-Filterren kontra dute azkem lagunartekoa, Zaragozan. EuroCup-a Malosten. Iaz Bilboko Casillan lehiatu zituzten etxeko neurketak. Aurten, baina, etxean, Malosten jokatuko dituzte. Horretarako, hainbat lan egin dituzte. “FIBAk eskatzen dituen baldintzak betetzeko egokitzapen lanak egin ditugu. Bigarren markagailu bat erosi dugu, eta alboetako batean harmaila jarriko dugu”, azaldu du Gerardo Candina Gernika KESBen presidenteak. Urriaren 8an Namur taldearen kontra jokatuko dute Malosten. Bestalde, urriaren 14an (domeka) hasiko dute Dia Liga; Open Day-a Madrilen izango da. Lointekek Snatt`s Femeni Sant Adria talde katalanaren kontra lehiatuko du 1.jardunaldia. Helburuak. Lopezen berbetan, oraindik goizegi da helburuez hitz egiteko, baina, aurreko denboraldietako maila berean egotea espero du. Eta “pauso bat gehiago” emateko aukera badute aprobetxatu egingo dutela azaldu du: “Gutxienez aurreko kanpainetan egin duguna errepikatzea gustatuko litzaiguke. Beti egon gara lehenengo seiren artean, sailkapenaren goikaldeko borrokan. Horrez gain, EuroCupean lan txukuna egin gura dugu; aurreko fase honetan aurkari gogorra daukagu. Bestalde, kopa lehiatzeko txartela lortzea ere bada gure helburua”. Urrian partidu asko jokatuko dituztela kontuan hartuta, eta aipatu helburu horiek lortzeko zereginean, denboraldi-aurre lasaia izatea inoiz baino garrantzitsuagoa izango dela dio entrenatzaileak, “lesio barik, eta azken orduko ezusteko barik”. EuroCupeko partiduetan Maloste betetzeko itxaropena dute. “Zaleen babesa ezinbestekoa izango da. Bi partidutara da lehenengo kanporaketa, eta puntuen aldea are garrantzitsuagoa izango da. Giro beroa izatea espero dugu”. Ana Hormaetxe Gernika-Lumoko alkateordeak taldea zoriondu du: “Udala eta gernikar guztiok harro sentitzen gara EuroCup-en gernikar talde baten parte hartzearekin, gure herriaren izena Europan zehar eroango dute-eta”. Gernika-Lumoko enbaxadoreak izango direla esan du. Hala, Malosteko lanetan egindako ibertsioak klubarentzat onura ekarriko duela uste du: “Harrobiko talde guztientzat onuragarria izango da”. Klubeko presidenteak ere taldearen ilusioa azpimarratu du. “Egunotan aipatzen ari gara; hau ez da magia, ilusioa da. Lema hori erabiltzen ari gara, eta uste dugu denboraldi hau definitu behar duen lema dela. Hobetzen jarraitzeko ilusioa. Gure jarraitzaileen babesa urtez urte handitzen joateko ilusioa. Formazio taldeen egituragaz lanean jarraitzeko ilusioa; aurten bederatzi talde gehitu ditugu. Hortaz, esparru guztietan hobetu eta hazteko ilusioa daukagu”. Bizkaiko saskibaloiaren harrobi onena izateagaz harro daudela esan du.[IKUSI HEMEN GAURKO AURKEZPENEKO ARGAZKIAK]
JOKALARIAK:- Itziar Ariztimuño
- Valeriya Berezhynska
- Blake Dietrick
- Naiara Diez
- Jazmon Gwathmey
- Gintare Mazionyte
- Juana Molina-Prados
- Lucila Pascua
- Margaret Roundtree
- Rachael Vanderwal