Uda garaian etenaldia egin eta gero, Busturialdeko pentsiodunak Gernika-Lumon astelehenetan egiten dituzten elkarretaratzeetara bueltatuko dira; hurrengo
astelehenean 12:00etan udaletxe aurrean bilduko dira.
“Udan ikusi genuen elkar azkenengoz, eta berriro mugimenduari ekingo diogula esan nahi dugu”, adierazi dute Busturialdeko pentsiodunek. Dagoeneko, kalean informazio nahiko dagoela, baina “zoritzarrez” aldarrikapenekin jarraitu behar dutela esan dute, “eskatzen dutena jaso ez dutelako”.
Urte hasieratik daramate aldarrikapenekin, eta horrela jarraitzeko asmoa dute aldarrikatzen dutena lortu bitartean. Pentsiodunen eskaerek denbora joan ahala ia-ia bere horretan jarraitzen dutela adierazi dute agerraldian, hobekuntza txiki batzuk lortu dituzten arren: “Urte hasieratik daramagu aldarrikapenak egin eta egin, eta urtarriletik mahai gainean dauden eskaera nagusiak oraindik ere bertan jarraitzen dute, ezer gutxi aldatuta; eta guk horiek eskuratzeko lan egingo dugu”.
Hala, baina, lortutakoa ez dela nahikoa argudiatuta, beraien aldarrikapenekin eta “adore eta gogo handiagaz” aurrera jarraituko dutela jakinarazi dute; aldarrikapenekin erantzunak jaso dituztelako.
Uda garaian “mobilizazioak bertan behera iztea” erabaki, eta udazkenean berriro ekingo zutela esan eta gero, astelehenean bueltatuko dira elkarretaratzeak. Busturialdeko pentsiodunen berbetan, “gure eskubideen alde egingo dugu,
arrazoia eta argudioak baditugula uste dugulako; egoera txarra, urria eta negargarria pairatzen dugulako, eta horiei zentsuzko irtenbidea eman behar diegulako. Arrazoiak eta argudioak dauzkagula uste dugun arren,
denbora eta eskarmentua dauzkagula badakigu“.
Busturialdeko Pentsionistak Martxan taldeko ordezkariak, gaur goizean Gernika-Lumon egindako agerraldian.
Mugimendu zabala dela pentsiodunena adierazi dute gaurko agerraldian, “eredugarria” da beraien hitzetan. Ideia, talde, eta elkarte ezberdinetako jendea batzen dela astelehenetan arrazoitu dute, eta taldea gizarteko beste sektoreentzako zabalik dagoela aitortu dute. “Gure egoera prekarioa da, baina gure ingurukoak borroka honetara animatzen ez badira egoera antzekoa edo txarragoa pairatuko dute. Ez dago gure egoera bakarrik jokoan, gizarte osoaren geroa baino”. Hori horrela, eta “politikak aldatzearen beharra” ikusten dutelako, herritarrak gonbidatu dituzte astelehenetako elkarretaratzera hurbiltzera, “barrura begira mugimendu zabala delako gurea, baina baita kanpora begira ere”.
“Hobekuntza txikiegiak”. Pentsiodunak diren emakumeen eta gizonen arteko “arrakala” handia dela oraindik esan dute. Baita, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa oraindik ez dutela ezarri ere, eta gainera, pentsiodunei KPIa ezartzea ez dagoela ziurtatuta aitortu dute. Horiek dira oraindik lortu ez dituzten eskaeretako batzuk.
Pentsiodunek adierazi moduan, “lehendabiziko egunetik finkatuta geneuzkan helburuak ez ditugu lortu, eta horiek lortu arte aldarrikapenekin jarraituko dugu”.
Alargunen kasua azpimarratu dute pentsiodunek, eta horien egoera “oso prekarioa” dela aitortu dute. Izan ere, alargunei pentsioa igo dieten arren, laguntza hori jasotzeko baldintzak “koralpilotsuak” direla esan dute. “Alargunek baldintza nahiko gogorrak bete behar dituzte pentsioak jasotzeko. Hilean ezin dute 520 euro baino gehiago irabazi, eta beraiekin bizi direnek ezin dute diru laguntzarik jaso. Beste pentsiodunei egoera pixka bat hobetu diguten arren, alargunen kasuan ez da berdina gertatu”. Horregatik, sistema ekonomikoko
akordioak beste era batera aurreikusteko beharra dagoela azaldu dute, “eguneratu egin behar dira politikak”.
Urriak 1. Nagusien Nazioarteko Eguna da urriaren lehenengoa, eta hori aprobetxatuz,
nagusien eskubideen alde egingo dute
Bilbon herritarrek. Bertan izango dira Busturialdeko pentsiodunak, Bizkaiko pentsiodunen beste taldeekin bat egiteko prest. “Pentsiodunen mugimenduak bizirik jarraitzen du oraindik. Gure eskualdean astelehenetako elkarretaratzeekin jarraituko dugu, baina Euskal Herri mailako aldarrikapena da gurea”.
Deuston, Rekalden, San Mamesen eta San Nicolasen batuko dira Bilboko pentsiodunak urriaren 1ean 11:30ean, eta handik Moyua plazara joango dira. Bertan, herrietatik hurbildutakoak egongo dira -tartean, Busturialdekoak-. Moyuatik, guztiak batera Bilboko udaletxe aurrera abiatuko direla mobilizazioan aurreratu dute. Busturialdeko pentsiodunek, herritarrei dei egin die Bilbora joateko.
Hala ere, mugimendu zabala den modura,
herritar guztiei dei egin diete pentsiodunek: “Orain gure pentsioak dira, baina etorkizunean gazteenak izango dira, eta guztion eskubideen alde borrokatu behar dugu. Borroka egin gabe ez dagoelako irabazterik”.