Bilboko Mentlaton topaketako 160 kirolarik bisitatu dute Batzarretxea
Buruko gaixotasunak dituzten kirolarientzako antolatutako Mentatlon topaketan parte hartuko duten kirolariek Gernika-Lumoko Batzarretxea bisitatu zuten atzo.Aurten hirugarrenez ospatuko da topaketa Bilbon. Batzarretxea bertatik bertara ezagutzeaz gain,...
Aurten hirugarrenez ospatuko da topaketa Bilbon. Batzarretxea bertatik bertara ezagutzeaz gain, topaketan parte hartuko duten taldeen arteko partiden zozketa ere egin zuten.
Bertan egon ziren Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Jose Ignacio Martinez AVIFESeko presidentea eta Itziar Ceballos AVIFESeko kudeatzailea.
Kirolariek Gernikako Arbolaren azpian eman zioten hasiera topaketari. «Motibazioa, sakrifizioa, indarra, norbere burua gainditzea eta ahalegina biltzen dituen ekitaldia da», esan zuen Otaduik.
Guztira hamar delegazioetako kirolariak batu ziren Batzarretxean, eta Batzar Nagusietako presidenteak «normalizazioaren» alde egin behar dela esan zuen. «Buruko gaixotasunei buruzko klixe faltsuak apurtzen lagundu nahi dugu, buruko arazoak dituzten pertsonen gaineko iraganeko estigmak alde batera utzi, eta egunero normalizazioaren alde egin nahi dugu», aitortu zuen Otaduik.
Jose Ignacio Martinez AVIFES elkarteko presidenteak adierazi zuen inor ez dagoela buruko gaixotasunak izatetik libre. Gainera, topaketak kiroltasuna bultzatzen duela eta garrantzitsuena parte hartzea dela esan zuen. «Seguru nago lehiatzeko eta gozatzeko gogo handiz zatoztela guztiok; baina, batez ere, guztion etsaiari irabazteko gogoz: estigma gainditzeko asmoz».
Buruko gaixotasuna duen Carmen Martin futbol jokalariak ere hartu zuen hitza ekitaldian. Berarentzat kirola «bizitza» dela esan zuen, «baretasuna ematen duelako».
Topaketa
Buruko gaixotasuna duten 160 kirolarik parte hartuko dute gaur eta bihar Bilbon ospatuko den topaketan. Euskal Herriko bi taldeez gain, Aragoiko, Andaluziako, Asturiaseko, Gaztela Leongo, Gaztela Mantxako, Galiziako, Errioxako eta Valentziako taldeak ere hurbildu dira Mentatlon topaketan lehiatzera.
Urtetik urtera haztea lortu duen topaketa da Mentatlon, eta sei kirol praktikatuko dituzte aurtengo hitzorduan: areto futbola, mahaiko tenisa, padela, petanka, atletismoa, frontenisa eta igeriketa.
Lehiaketa gehienak gaur jokatuko dira Txurdinagan, baina biharko ere zenbait norgehiagoka geratuko dira oraindik ere jokatzeko.