Urritik ekainera bitartean egingo duten antzerki tailerra
Eneritz Artetxe aktoreak gidatutakoa izango da.
Bermeoko Udalak antolatuta, antzerki tailerrean izena emateko epea ireki dute. Maite Alvarez Bermeoko Euskara teknikariak azaldu duenez, “iazko ikasturtean antzerki tailerrak izan zuen arrakasta” kontuan izanda, oraingo honetan ikastaroaren saioak “urritik hasiko dira, eta ikasturte osoan ariko dira lanean antzerki-ikasleak”.
Eneritz Artetxe eta Maite Alvarez, tailerraren aurkezpenean.
Euskara teknikariaren berbetan, saioak asterokoak izango dira, eta
eguaztenetan egingo dituzte,
18:00etatik 20:00etara. Ikastaroa egiteko hautatu duten kokalekua Bermeoko Kultur etxeko 1.2 entsegu gela izango dela argitu dute. Tailerrean
16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute, eta horretarako
Berhaz bulegoan izena eman beharko dute. Izen emate epea irekita dago dagoeneko, eta
115 euroren truke ikasturte osoko saioetara joan ahalko da.
Artetxek nabarmendu duenez, antzerki tailerraren helburua “kultura alorreko euskarazko sorkuntza lanari bidea ematea” da. Hala, tailerrean antzerkiagaz zerikusia duten
hainbat alor landuko dituztela azaldu du: “gorputz eta ahots adierazpena, tonua, erregistroa edota inprobisatzeko” saioak jorratuko dituzte. Saioetan parte hartuko dutenek banakako, binakako eta taldeko ariketak egingo dituzte, eta landutako kontzeptuak “eszenan praktikan” jartzeko aukera izango dute.
Alvarezek azpimarratu duenez, “antzerkirako zaletasuna duenak eta komunikaziorako gaitasunak landu nahi dituenak badu aukera ederra profesional on batekin antzerki munduan murgiltzen ikasteko”.