Zirkulazioan eragina izango du Espainiako Vueltaren 17. etapak
Bihar Busturialdetik eta Lea-Artibaitik igaroko den Espainiako Vueltaren 17. etapak eragina izango du zirkulazioan. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Lea-Artibaiko errepideetan eta Gernika-Lumoko kaleetan aldaketak egongo dira.Etapa Getxoko kirol...
Etapa Getxoko kirol portuan hasiko da 13:00etan, eta Oiz mendian amaituko da 18:30ak aldera, Bizkaiko hainbat eskualde zeharkatu ondoren. 15:00ak inguruan Derio eta Mungiara iritsiko da, eta geroago Bermeotik Gernikarako tartera. 16:30etik aurrera Gernika eta Bizkaiko Balkoiaren arteko eta Munitibar, Santa Eufemia eta Ziortza-Bolibar inguruetatik igaroko da.
Jakitera eman dutenez, Gernika-Lumoko Karlos Gangoiti, Artekale eta Juan Kaltzada kaleak itxita egongo dira 15:00etatik txirrindulariak igaro arte. Oiz mendiaren inguruetako pistetan ere ezin izango da aparkatu. Lasterketa iritsi aurreko gauetik hasita, gainera, ibilgailuak ezin izango dira helmugaren inguruetan ibili, «beharrezkoak diren azpiegiturak muntatzeko lanetan segurtasuna bermatu ahal izan dadin». Bestalde, pisten ondoko aparkalekuak betetzen direnean, ibilgailuak ezin izango dira Oiz mendira abiatu.
Horrez gain, bihar 12:00etatik aurrera, BI-3341 errepidea moztuta geratuko da Garaitik Goiuriarako noranzkoan, Santa Katalina ermitaren eta Oiz mendirako sarbidea ematen duen pista- ren artean. Etapa amaitzean, aldiz, bi noranzkoak geratuko dira itxita, txirrindulari eta bizikletak autobusetara igotzen diren arte.
Aldarria errepidera
Gure Esku Dago-k, bere aldetik, euskaldunen aldarria errepideetara ateratzeko deia egin du bihar. Errepide bazterretan ikurrinak eskuetan eta txirrindulariak animatzera ateratzeko deia egin dute.
Ekimena babestu eta hauspotzeko, domekan ekitaldia eta argazki erraldoia atera zuten Oizko San Kristobal ermitaren ondoan.