Urdaibai Koparen zazpi probetatik bosgarrena lehiatu zuten joan den domekan Gautegiz Arteagan. Imanol Goñi eta Leire Monasterio izan dira lasterketaren irabazleak.
Hain zuzen ere, Goñik
01.36.10 markatu zuen ibilbidearen amaieran, eta Monasteriok, bestetik, 2 ordu, 5 minutu eta 27 segundotan lortu zuen
17 kilometroko mendi lasterketa bukatzea.
Goñi, Monasterio, Goitia, Intxaurraga, Ballaz eta Sanchez, podiumean. Argazkia: Ainize Ondarza
Gizonezkoen sailkapenari dagokionez, Mikel Goitia eta Unai Intxaurraga izan ziren bigarren eta hirugarren sailkatuak, hurrenez hurren. Lehia bizia izan zen Gautegiz Arteagako lasterketan, Goñik helmuga lerroa igaro eta
segundu batera bukatu baizuen Goitiak.
Bestalde, Itsaso Ballazek eta Leire Sanchezek osatu zuten emakumezkoen podiuma domekan. Ballazek 02.17.12 markatu zuen, eta Sanchezek 2 ordu, 32 minutu eta 3 segundo behar izan zituen lasterketa burutzeko.
Lasterketan 48 korrikalarik hartu zuten parte guztira, eta horietatik 43 partaidek bukatu zuten proba.
Eguraldiaren laguntzagaz. Gartiape Kirol Klubekoak izan dira mendi martxa eta lasterketaren antolatzaileak, eta pozik azaldu dira domekan Gautegiz Arteagara hurbildu ziren parte hartzaile kopuruagaz. Eguraldiak asko lagundu zuela aitortu dute, “egun zoragarria” egin baizuen probaz gozatu ahal izateko eta horrek pertsona asko animatu zituen egunean bertan izena ematera.
560 parte hartzaile egon ziren guztira. Lasterketan parte hartu zuten korrilakariekin batera, 330 pertsonek eman zuten izena martxa luzerako, eta 182 partaidek laburrerako.
Domekan, 170 pertsonak izena eman zutela adierazi dute antolatzaileek, partaide kopuru handia arduradunen berbetan.
Lortutakoagaz “gustora” azaldu dira, eta martxa “oso ondo” joateaz gain, bertara hurbildu ziren partaide eta ikusleak ere “pozik” ibili zirela esan dute, harro. Datorren urteko martxara begira, antolatu eta prestatzeko berriz ere gogo handiz ekingo diotela adierazi dute.
Azken bi probak. Urte honetako Urdaibai Kopari amaiera emateko bi lasterketa geratzen dira. Seigarren lasterketa
Foruan egingo dute, Forutik Forura izeneko ekitaldian, datorren irailaren 30ean. Bestetik, azken kirol proba urriaren 7an ospatuko dute, Muxikako
Gorozika auzoan.