Gernika "askatasunaren eta erresistentziaren ikurra" dela nabarmendu du EH Bilduk
Otegik ezinbestekotzat jo du estatus berriaren eztabaidan erabakitzeko eskubidea errespetatzea
Ikurra den agertokia aukeratu zuen EH Bilduk zapatuan egin zuen ekitaldirako; Gernika-Lumoko Batzarretxean, Gernikako Arbolaren aurrean egin zuten ekitaldia. “Askatasunaren eta erresistentziaren ikurra da Gernika-Lumo, eta ildo historiko zahar baten segidan egiten dugun beste ekarpen bat besterik ez da oraingoan egiten ari garena”, adierazi zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.
Hitz horiek esan eta gero, Gernikako Arbola zaharraren aurrean Eusko Legebiltzarrean estatus berriaren inguruan lortutako akordioez hitz egin zuen. Autogobernu lantaldean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako estatutu politiko berri baterako lortu dute akordioa.
Euskal Autonomi Erkidegoak etorkizunean izan beharreko estatus politikoan, erabakitzeko eskubidea “gakoa” dela argi nabarmendu zuen Otegik: “EAJk eta EH Bilduk erdietsitako akordioa bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu, betiere aurretik hartutako irizpideak eta oinarriak errespetatzen baldin badira. Erabakitzeko eskubidea errespetatzea herri hau errespetatzea da-eta”.
EAJ eta EH Bilduk estatutuaren oinarrietan lortutako akordioak “zilegitasun demokratiko” osoa duela nabarmendu zuen zapatuan, “herri honen gehiengo zabala ordezkatzen duelako”. Gainera, PSE-EE eta PPk akordioari buruz egindako kritikak onartzen dituela esan zuen Otegik. “Zilegitasun osoa dute akordioaren kontra egoteko edo kritikotasun politikoa adierazteko, baina, ez dute inolako zilegitasunik herri honek dituen eskubide demokratikoen aurrean inposaketa eta betoa planteatzeko.
Erabakitzeko eskubidea jarri zuen, beraz, eztabaida gai nagusitzat Otegik: “Gure bizitza politikoaren, sozialaren, ekonomikoaren eta kulturalaren gaineko kontrola izateko aukera ematen digu eskubide horrek. Berdintasunean oinarritutako gizarte askeagoa eta justua eraikitzeko erronka partekatuari aurre egin ahal izateko beharrezkoak diren tresnak eskaintzen dizkigu eta ahaldundu egiten gaitu. Dena erabakitzeko eskubiderik barik ez dago aldaketa sozialik”.
Eragileen arteko elkarlana. Otegiren berbetan “funtsezkoa” da eragileen arteko elkarlana akordioa bultzatzeko, “akordioa guztion ekarpenekin aberastea beharrezkoa delako”.
Autonomien eredua agortuta dagoela esan zuen Otegik: “Garai berria bizi dugu; burujabetzaren garaia da, eta horregatik babestuko dugu estatus berrirako akordioa”.