Lointek Gernika Bizkaiak Jazmon Gwathmey fitxatu du asteon
Urriaren 13an Open Day-agaz hasiko dute Dia Liga, eta Lointek Gernika Bizkaiak 2018-2019 denboraldiko taldea osatzeko hainbat fitxaketa egin ditu udako hilabeteotan. Horietan azkena Jazmon Gwathmey estatubatuarra da. Klubak asteon eman du fitxaketaren berri, eta taldeko “erreferenteetako bat” izango dela adierazi du.
“Gorputz oso atletikoa duen jokalaria da, jauzi-gaitasun handikoa, azkarra da, eta defentsan oldarkor aritzeko gai da, esku askogaz. Erasoan bere bertuteak aprobetxatzen ditu, batez ere trantsizio bizkorretan. Bizia da barrura sartzerakoan, eta bote osteko jaurtiketa ona du», nabarmendu du Mario Lopez Lointeken entrenatzaileak. AEBetan esperientzia duen arren, Europan eta Dia Ligan Lointekegaz debutatuko du. Hala, nazionalitate bikoitza duenez,
Munduko Kopa Puerto Ricogaz lehiatuko du hilabete honetan, Tenerifen. Bestalde, abuztuaren amaieran beste bi fitxaketa egin zituen talde gernikarrak: Valeriya Berezhynska ukraniarra eta Blake Dietrick estatubatuarra.
Ukraniarrak Frantzian bete du kirol ibilbidearen parte nagusiena, eta bertako Flammes taldetik dator Gernika-Lumora (Turkian eta Polonian ere jokatu du). Europako hainbat txapelketetan esperientzia du. Bestalde, Dietrickek barrualdeko edozein postutan jokatu ahal duela eta defentsarako duen “espiritua” nabarmendu dituzte.
Aipatu jokalariekin batera, Naiara Diezek, Juana Molina Pradosek, Itziar Ariztimuñok, Rachael Vanderwalek, Lucila Pascuak, Margaret Roundtreek eta Gintare Mazionytek osatuko dute Lointek Gernika Bizkaiaren denboraldi berriko taldea.