Lehiaketa Batzordeak ez du onartu Bermeoko taldearen helegitea
Urdaibai azken sailkatuaren denbora berarekin irtengo da domekan, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian. Hau da, Zierbenagandik 34,44 segundora, hamabost segundo gehiagoko zigorrik gabe.
Euskadi Irratiak aurreratu duenez, Gipuzkoako Arraun Federazioko bi kidek, Euskadiko Federazioko batek eta Donostia Kulturako (Udala) batek osatzen duen Lehiaketa Batzordeak atzera bota du Bermeoko taldeak eguaztenean aurkeztutako helegitea. Epaian zehaztu dutenez, epaileen erabakia “ezin da mugitu, estropada egin ahala hartu baita”. Diotenez, epaimahaiaren ahalmena da erabaki horiek hartzea. Hala ere, batzordeak onartu du araudia aplikatzerakoan akats bat egon zela, eta lehen jardunaldia izan arren, domekako estropadari “final izaera eman behar zaiola”. Horrenbestez, Urdaibai azken sailkatuaren denbora berarekin irtengo da, eta ez zaizkio hamabost segundo gehiago gehituko.
Palen arteko talkak eta abordatzea erabaki teknikoak direla zehaztu du batzordeak, eta erabaki horiek hartzea epaimahaiari dagokiol: “Ezin da berriz epaitu epaimahaiak balioztatutako estropada bat, ezta orain auzitan jarri ekintza eragileak ere”.
Aurreko domekako Kontxako Banderaren zigorraren aurrean, helegitea aurkeztu zuen eguazten eguerdian Bermeoko klubak. Helegitea onartzea espero zuten ordezkariek, baina, ez da horrela izan. Agustin Aranburu presidentea eta Joseba Fernandez entrenatzailea abokatuagaz joan ziren Donostiara. Helegitean estropadaren bideoak eta bi traineruen uberaren GPSak jaso dituzte.
Zehaztu zutenez, itsasoko epailea berandu hurbildu zitzaien traineruei, eta bandera urdina atera ordez, zuria erakutsi zioten. Orduan, Eneko Bilbao patroiak berehala erantzun zuela azaldu dute. Hala, amaieran bandera gorria erakutsi zuen, baina, “jakin barik Bermeorentzat edo Zierbenarentzat zen”. Gogora ekarri zuten bandera gorria gertakariaren momentuan erakutsi behar duela epaileak.
Laugarren kalean (Zierbenarena) gertaturikoa ez zela izan Bou Bizkaiaren abordatzea uste dute. Hau da, Zierbena izan zela Bermeo abordatu zuena. Aranbururen berbetan, Kontxako arduradunek argi izan behar dute zeinek hautsi duen araua. “Arraun talka izan da, baina nik ez dut inoiz ikusi aurretik doan traineru batek atzetik datorrena abordatzea”.
Bermeotarren ustez, palak jotzeak ez zion trabarik egin Zierbenaren arraunketari, eta azken denboran ere ez zion eragin. Talkaren unean Hondarribiaren denboraren atzetik bospasei segundora zeuden, eta haren aurretik bukatu zuten bi taldeek.