Gautegiz Arteagako martxa eta lasterketa egingo dituzte, domekan
Urdaibai Koparen bosgarren mendi lasterketa lehiatuko dute.
Gautegiz Arteagako IV. Mendi Martxa eta Lasterketa proba solidarioa izango da. Horixe da aurtengo berrikuntza nagusia.
Parte hartzaile bakoitzeko euro 1 Prader-Willi sindromea eta fibrosi kistikoa dutenei laguntzera bideratuko dute (gaixotasun genetiko arraroak dira). Arnasa Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren Elkartea eta Prader-Willi Asociacion Española AESPE elkarteei emango diete dirua.
Domekako mendi lasterketa lehiatzeko 35 korrikalarik aurretiaz izena eman dute. Martxan, berriz, 320 pertsona daude dagoeneko izena emanda. Hala ere, egunean bertan izena eman daiteke. Lasterketa eta martxa luzea egiteko 14 euro ordaindu beharko dira, eta martxa laburrean, nagusiek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta 14 urtera artekoek, berriz, 6 euro.
15 kilometroko ibilbidea (740 metroko desnibel positiboagaz) dauka martxa luzeak, eta parte hartzaileak 09:30ean irtengo dira. 10:00etan hasiko da martxa laburra, eta partaideek 6 kilometroko ibilbidea burutuko dute.
Korrikalarientzat, berriz, 10:30ean jarri dute irteera-ordua. Horiek 17 kilometroko lasterketa lehiatuko dute ( 970 metroko desnibel positiboagaz).
Aurrekoetan moduan, oraingo honetan ere hainbat hornidura gune egongo dira ibilbideetan zehar. Era berean, amaierarako luntxa prestatuko dute martxako zein lasterketako partaideak indarberritzeko.
Urdaibai Kopa. Bi proba geratzen dira aurtengo Urdaibai Koparen irabazleak erabakitzeko. Hurrengoa irailaren 30ean izango da Foruan, eta azken proba, berriz, urriaren 7an izango da Gorozikan. Aipatu bi probetan dagoeneko izena eman daiteke.