Garraitzeko ondarea bistaratzen
Lekeitioko Atabaka kultur elkarteak eta Aranzadik antolatuta, Garraitz irlan indusketa arkeologikoak egin dituzte udan. Herritarren erantzuna primerakoa izan dela esan dute.Kultura herrikoia eta arkeologikoa herrikoiago egitea du helburu Lekeitioko Ata...
Lekeitioko Atabaka kultur elkarteak eta Aranzadik antolatuta, Garraitz irlan indusketa arkeologikoak egin dituzte udan. Herritarren erantzuna primerakoa izan dela esan dute.
Kultura herrikoia eta arkeologikoa herrikoiago egitea du helburu Lekeitioko Atabaka kultur elkarteak. Asmo horri jarraituz, abuztuko lau egunetan indusketa arkeologikoak egin dituzte Garraitz irlan, Aranzadi zientzia elkarteagaz eta herritarren laguntzagaz. Atabakako kideek ekimenaren balorazio ona egin dute. «Herritarren erantzuna oso ona izan da», esan du Guillermo Ruiz de Erentxun Atabaka elkarteko arduradunak.Zehatz esateko, abuztuaren 11tik 14ra bitartean egin zituzten indusketak. «60-65 pertsona inguruk parte hartu zuten. Arkeologikoki gauza interesgarriak bilatu ditugu, komentu inguruko lehengo hormak eta sarrerako behegaineko zeramikazko mosaiko txiki bat, esate baterako. Horregatik diogu bai jende aldetik eta baita ere lan aldetik eta arkeologia aldetik dena bikain joan dela».
Garraitz 25 proiektua
Hurrengo ekimena irailaren 28an egingo dutela aurreratu dute. Horretan, baina, ez dutela horrenbeste jenderen laguntza beharko azaldu dute. «Egun horretan arkeologoekin eta joango gara, udan egindako aurkikuntzak katalogatu eta ondo babestuta uzteko. Ekintza teknikoagoa izango da».
Izan ere, aurten, Garraitz 25 izeneko proiektu nagusia aurkeztea tokatzen zaiela diote. «Proiektua Bizkaiko Foru Aldundian aurkeztu behar dugu», argitu du Ruiz de Erentxunek. Egitasmoa udaberri aldera-edo aurkeztuko dutela aurreratu dute.
«Proiektuak irlan aurkitutako aztarnak egonkortuko ditu (ermita, gotorlekua…)». Garraitz irla altxor handia dela diote, bai, behintzat, eurentzat. «Erakundeek ere gero eta garrantzia handiagoa ematen diote irlari eta han aurkitzen denari».
Dena dela, Atabakak herrigintzari ematen dio garrantzia. «Erakundeen babesa edukitzea oso ondo dago, baina guk nahi duguna da herritarrok irlaren berreskurapenean parte aktibo izatea, eta hango jakituria beste herritarrei ere helaraztea». Kultur taldeak horregatik antolatzen ditu auzolanak, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraituko dutela diote.