Bermeo, berriz urdinez jantzita
Udako jaien azken traka indartsu dator, eta bermeotarren txanda iritsi da herria jai giroan murgiltzeko. Andra Mari eta Santa Eufemia jaiekin Bermeo musika eta dantza giroan ariko da eten barik.Badatoz Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, eta bermeotarr...
Udako jaien azken traka indartsu dator, eta bermeotarren txanda iritsi da herria jai giroan murgiltzeko. Andra Mari eta Santa Eufemia jaiekin Bermeo musika eta dantza giroan ariko da eten barik.
Badatoz Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, eta bermeotarrentzat hain bereziak diren egun horietan mahoiz jantzita festa giroan murgilduko dira herrikoak; Bermeo urdinez margotuko dute jaiek iraun artean.Motorrak berotzeko, gaur Itsasoko Gurutze Gorriak antolatutako Itsasoko Egunagaz hasiko dira, eta hala, eguerditik aurrera, itsasoa izango da protagonista: udalerriko kai-muturrean batuko dira, eta han kukaña, piraguak, banana edota padel surfa bezalako jarduerak egiteko aukera edukiko dute hurbiltzen direnek.
Busti ostean sabela ondo betetzeko, herri bazkaria antolatu dute txosna batzordeko kideek txosna gunean, eta bazkaldu ondoren, indar biziz ekingo diete jaiei: arratsaldean Almika auzora igoko dira, Salsa Cubana musikaren kalejiragaz, handik jaitsiera egiteko.
Jaien bezperan egiten den jaitsiera bermeotarren artean ohitura handikoa baldin bada ere, joan den urtean jaien hasiera aurretik berotzen hasteko herriko umeak, gazteak zein nagusiak biltzen dituen jarduera berezi hori ospatu barik gelditu ziren.
Hala izanik, gogo handiz hartuko dute berriz ere ohitura bermeotarrek, eta Almikatik hasiko dute jaitsiera arratsaldean, herriko kaleak kolorez betez. Prozesioari txosna gunean emango diote bukaera, baina festa hasi baino ez da egingo. Ostean, Bermeotarrak fanfarreagaz eta Burdin Klash Txarangagaz kalejiran ariko dira herriko kaleetan zehar.
Hortik aurrera, nola ez, jaietako aurpegia den Xixiliren aurkezpenak, alkatearen pregoiak eta ikurrinaren jasoerak bereganatuko dute arreta guztia ; Goiko Plazan bilduko dira herritarrak orduan.
Xixili Gimnastika taldeak eta Bermeotarrak fanfarreak izango dute protagonismoa, lehenengoak 25 urte betetzen dituen bitartean, bigarrenak bere 40. urteurrena ospatzen baitu aurten. Udalak urte luzez herriari egindako ekarpena eskertu nahi die bi taldeei, eta horrela, beraien esku egongo da ikurrinaren eta Bermeoko banderaren jasoera. Txupinazoaren dunbadagaz emango diote hasiera ofiziala jaiei, eta atseden hartzeko unerik eduki barik murgilduko dira jaietan.
Arrantzaleei omenaldia
Domekan bermeotarrentzat hain garrantzitsua den Arrantzale Eguna ospatuko dute. Herriko arrantzaleen omenez egindako mezagaz lore eskaintza eta aurreskua egingo da. Gainera, arrantzan erramutan egin duen azken arrantzaleari, Bermeoko batelerei, Jon Garcia Andonegiri eta Ortube-ko boluntarioei omenaldia eskainiko diete, eta Santa Maria eta Santa Eufemia elizetako abesbatzak abestuta, arrantzaleen abestia entzun ahalko dute parte hartzaileek.
43. Sukalki Eguna
Iaz huts egin bazuen ere, aurtengo egitaraurako herritarrentzat benetan berezia den Sukalki Eguna berreskuratu dute; 43. izango da aurtengoa.
Irailaren 15ean (zapatuan) ospatuko dute tradizio handiko eguna. Ume, gazte eta nagusiak goizetik arratsaldera arte batuko ditu Talan, tripa bapo betetzeko gogoz. Bateko eta besteko osagai artean nagusiek kazolak prestatu bitartean, txikienek txoko propioa ere edukiko dute; gilda eta entsalada tailerretan aritzeko aukera izango dute.