32 saltoki eta gehiago hartuko du etzi Mendatako 22. Nekazal Azokak
Domekarako hitzordu berezia jarrita dauka Mendatak: 32 salmahi bilduko dituen 22. Nekazal Azoka hartuko du.
10:00etarako guztia prest izango dute, eta, beraz, ordu horretatik aurrera, ortuariak, txakolina, gazta, ogia, euskal pastela, eztia, kontserbak, eskulanak eta beste hainbat ikusteko, dastatzeko eta erosteko aukera egongo da. Azoka 15:30ak ingurura arte egongo da zabalik.
Hori, baina, ez da egunak ekarriko duen gauza bakarra izango. Izan ere, euskal oiloaren erakusketa ere egingo dute. Guztira, euskal oiloen 120 kaiola jarriko dituzte.
12:30ean hasita, bestalde, “norgehiagoka ikusgarria” egongo da aukeran. Idi probetan ariko dira Iturbe anaiak, eta horien aurka lehiatuko dira gizon probetan Alzola, Bilbao, Undabarrena eta Zubizarreta. Gizonen metroko, idiek untza bat egin beharko dute, eta Mendatako 2.200 kiloko idi harria erabili beharko dute.
Halaber, bertaratzen direnek inguruko baserritarren poneyak, zaldiak, astoak, idiak… ikusi ahalko dituzte azoka horretan.
Gorriti eta haren animaliak ere egongo dira Mendatan, txikitxoenei horiekin gozatzeko aukera emanez. Dena, baina, ez da ikustea izango; mokadutxoren bat edo beste jateko tartea ere egongo baita. Hala, txerri errearen pintxoak eta txorizoagaz betetako taloak jan ahalko dira.