Urteko turismo datuekin «oso pozik» azaldu dira udaleko ordezkariak
Uztailean eta abuztuan bisitarien jarioa egonkortu egin da, eta gainontzeko hilabeteetan goranzko joera eduki du. Turistek lehen baino denboraldi luzeagoak igarotzen dituzte BermeonBermeoko Udalak urte honetako turismo emaitzen berri eman du. Idurre Bi...
Uztailean eta abuztuan bisitarien jarioa egonkortu egin da, eta gainontzeko hilabeteetan goranzko joera eduki du. Turistek lehen baino denboraldi luzeagoak igarotzen dituzte Bermeon
Bermeoko Udalak urte honetako turismo emaitzen berri eman du. Idurre Bideguren Bermeoko alkatearen berbetan,herriak «oso datu onak» lortu ditu. «Erronka udako datuei eustea izan da, eta negukoak hobetzea», eta hori «zalantza barik» lortu egin dutela argitu du.Uztailean eta abuztuan datuak egonkortu egin direla azaldu du, eta gainontzeko hilabeteetan gorako joera eduki dutela. «Datu hori oso positiboa da, kontuan hartuta azken urteetan turismoan izan diren gorakadak», gaineratu du Bidegurenek.
Bermeora iristen diren turistek herrian denbora gehiago igarotzen hasi direla azaldu du alkateak. Izan ere, «Bermeora lau-bost egun igarotzera etorri diren turista kopurua gehitu egin da». Bermeoko Turismo Bulegoa bisitatzen duten turisten profilei dagokienez, katalanak, madrildarrak eta frantsesak dira herria gehien bisitatzen dutenak, eta Gaztelugatxeren kasuan, nazioarteko bisitari gehiago hartu dituzte.
Bego Gangoiti turismo bulegoko arduradunak adierazi duenez, azken urteetan «aldaketa» bat egon da turismo bulegora doazen turisten artean: «Inguruari buruzko informazioa jasota iristen dira, eta aldi berean, aholkularitza pertsonalizatu bat gura dute». Hori dela eta, bakoitzagaz igarotzen duten denbora gero eta luzeagoa da. Gaztelugatxe, oinezko ibilbideak, itsasoko ibilbideak eta Bermeoko baliabide turistikoei buruzko informazioa eskatzen dute batez ere turismo bulegotik igarotzen direnek.
Bisita gidatuak
Udalak, San Juaneko Batzordeagaz elkarlanean, baseliza publikoari ireki eta informazio zerbitzua eta bisita gidatuak eskaini ditu uztailean eta abuztuan. Ekimenaren harrera nabarmendu nahi izan du Bidegurenek, «oso ondo» baloratu baita bisitarien artean.
Bisitak egiteko bi gidari bermeotar kontratatu dituzte, eta Gaztelugatxeko eta Bermeoko hainbat ohitura eta istorio azaldu zizkieten bisitariei: ingurumenaren garrantzia gunean, Matxitxakoko berezitasunak, Matxitxakoko guda, bermeotarren usadio, sinesmen eta ohiturak edota ermitaren eta San Juaneko batzordearen istorioa.
«Bisita gidatuek Gaztelugatxeko San Juan, bere historia eta istorioak, beragaz lotuta dauden tradizio, jaiak eta ohiturak, bere ingurumen balio izugarria eta itsasoagaz, arrantzaleekin eta Bermeogaz duen lotura ezagutzeko aukera paregabea eskaini diete inguruko zein kanpotik etorri diren bisitariei», azaldu du alkateak.
Bestalde, Gangoitik gogoratu duenez, Gaztelugatxe inguruan zirkulazio arazoak saihesteko, Bermeoko turismo bulegoak beti gomendatu izan dio jendeari autobusez joatea, eta autoz joanez gero, «goizeko lehenengo orduan edo iluntzeko azkenengoan». Turismo bulegoko arduradunaren esanetan, «turismo jasangarria bultzatzea ezinbestekoa da ingurua ondo zaintzeko».
Bidegurenek eta Gangoitik Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako erreserba sistema «ontzat» hartu dute, baina «ez dela nahikoa» uste dute. Masifikazioak saihesteko, Bermeon disuasio aparkalekuen eta garraio publikoaren «apustu garbia» egin behar dela gaineratu dute.
Hobetzen jarraitu nahian
Lortutako emaitzekin oso pozik azaldu badira ere, etorkizunera begira lanean jarraitzeko asmoa adierazi dute udal ordezkariek. «Bermeoren erronka turismoa urtean edukitzea da, ez bakarrik udan», nabarmendu du Bidegurenek.
Horrez gain, erakunde, enpresa eta herritarren arteko elkarlana lortzea «garrantzitsua» dela azpimarratu du, eta «turismo eskaintza zabaltzea eta hobetzea, negozio berriak sortuz, zerbitzuak hobetuz, aparkalekuen eskaintza handituz, auto-karabanen zerbitzua handituz edota itsas ondarea balioan jarriz».