Ana Pola bermeotarraren proiektua Sprint_Inn Bizkaia ekimenerako hautatu dute
Berrikuntzaren eta metodologia berrien bitartez, negozio ideiak azaleratzea eta ekintzailetza ekosistemako eragile nagusiekin kontaktuan jartzea da Sprint_Inn proiektuaren helburu nagusia. Ekimenean parte hartuko dutenek azelerazio zerbitzua jasoko dute Madrilgo Campuseko Google Spacen aurkitzen den Tetuan Valleyn.
Bermeoaldeko Behargintzak, Azaro Fundazioak, Gernikako Lanbide Ekimenak, Ermuako Udalak eta Durangaldeko Lehiakortasun Guneak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Sprint_Inn Bizkaia proiektua martxan jarri dute eta Ana Pola bermeotarra izan da proiektu horretan parte hartzeko hautatu duten parte hartzaileetako bat.
Bermeon sei proposamen jaso zituzten guztira. Hautagaien proposamenak aztertu eta horiei elkarrizketak egin ondoren, Ana Polaren proiektua aukeratu dute ekimenaren arduradunek. Programazio Neurolinguistiko eta hipnosi online eskola sortzea da bermeotarrak prestatu duen proiektuaren helburua.
Eskola ikastaro espezializatu horiek egiteko mugikortasun arazoak dituzten pertsonei zuzenduta egongo da, baita ikastaroak etxetik egin nahi dituztenentzat ere, aukeratzen duten unean egin ahal izateko aukera eskainiko baitute, mugarik gabe. Horrez gain, ikastaro presentziala eginda duten, baina formazioa osatzeko ikus-entzunezko materiala eduki nahi duten pertsonei zuzenduta dago.
Hainbat laguntza. Ekimenean aukeratutako proiektuek aholkularitza pertsonalizatua izango dute: negozio eta enpresa ideia definitu, azeleratu eta abian jarri ahal izateko laguntza jasoko dute.
Programaren bitartez, ideiak lantzeko espazioak izango dituzte, azelerazio zerbitzua jasoko dute Madrilgo Tetuan Valleyen, Bizkaiko eta Madrilgo mentoreen aholkularitza jasoko dute, eta Design sprint lan metodologia berrietan oinarrituta, definizio eta azelerazio zerbitzuren prozesuan parte hartuko dute.
Ana Pola Nazioarteko Harremanetan, ikasketa diplomatikoetan eta garapen ikasketetan lizentziatua da Londreseko Metropolitan Universityn. Azken hamabost urteetan bere ikerketa eremu nagusia Programazio neurolinguistikoa izan da, eta eremu horren sortzaileetariko batekin, John Grinderekin, jaso du formazioa.