Alejandro Mallona omentzeko ekitaldiak antolatu dituzte
Mundakako Udalak herriko alkate izandako Alejandro Mallona Iza omenduko du. Aurton bere fusilamenduaren 81. urteurrena betetzen da, eta hori gogora ekartzeko, alkate ohiaren eta Mundakako memoria berreskuratzeko oroitzapenezko ekitaldiak egingo dituzte...
Bihar arratsaldean egingo dute lehenengo ekitaldia, herriko hilerrian, bere hilobiaren aurrean. 19:30ean izango da lore eskaintza.
Bigarren ekitaldia etzi izango da, 08:00etan hasita. Ohitura denez, alkatearen omenez eraikitako Mallona parkeko oroitarriaren aurrean bilduko dira herritarrak omenaldia egiteko: lore eskaintza eta aurreskua egingo dizkiote.
1878ko otsailaren 2an jaio zen Alejandro Mallona Iza. Francoren tropek Bizkaia hartzean, 1937. urtean, atxilotu eta heriotza zigorra ezarri zioten. Urte bereko irailaren 15ean fusilatu zuten falangistek. Egun berean ehortzi zuten, baina 1949. urtean beste hilobi batera eraman zuten haren gorpua. 1987an Mundakako hilerrira lekualdatu zuten.