45 Asiako liztor erregina harrapatu dituzte Bermeon
Bermeoko Udalak Asiako liztor erreginak harrapatzeko neurriak hartu ditu, eta kanpainak emaitza «onak» eduki dituela adierazi du. Guztira 45 liztor erregina eta 527 liztor langile jaioberri harrapatu dituzte.Asiako liztorra azken urteetan izandako «...
Asiako liztorra azken urteetan izandako «izurri kaltegarrienetakoa» dela eman du aditzera Amaia Elorza Bermeoko Lurgintza zinegotziak. Hori kontuan hartuta, udalak izurri hori kontrolatu ahal izateko neurri gehigarriak hartu ditu azken bi urteetan. Kanpaina horien bitartez, 22 tranpa homologatu jarri dituzte udalerriko landa auzoetan. Besteak beste, San Migel, Demiku, Arane, San Andres, Almika, Artika, Agarre eta Mañu auzoetan ezarri dituzte tranpak, gehienak iaz liztor habiak aurkitu zituzten lekuetan.
Ingurumenean eragin barik
Gaizka Aurrekoetxea Ingurumen teknikariak azaldu duenez, tranpak «oso selektiboak» izan dira: «Euliak alde batera utzita, harrapatutako beste ia guztia Asiako liztorra izan da». Gaineratu duenez, «sistema horrek bere helburua bete du, eta ez du inongo eragin kaltegarririk eduki ingurumenean». Jarritako tranpa guztietan jaso dituzte liztor asiarrak, beraz, horien kokapena eta banaketa «egokiak» izan direla azaldu du Aurrekoetxeak.
Datuei erreparatuz, liztor erreginei dagokienez, aurten iaz baino %55 gutxiago harrapatu dituztela adierazi du teknikariak. Aurtengo «negua eta udaberria oso euritsuak» izan direla azpimarratu du. Horren ondorioz, aurten liztor erregina gutxiago egon dira. Liztor langileekin alderantzizkoa gertatu da, eta iaz baino ia bi aldiz gehiago harrapatu dituzte.