Sare pelagikoekin arrantzatutako hegaluze salmenta salatu dute
Ontzi frantsesek eta irlandarrek sare pelagikoekin arrantzatutako hegaluzea Ondarroan saldu dutela salatu eta horien kontrola egiteko eskatu du EguzkikOndarroan sare pelagikoekin arrantzatutako hainbat tona hegaluze porturatu dituztela salatu du Lea-Ar...
Ontzi frantsesek eta irlandarrek sare pelagikoekin arrantzatutako hegaluzea Ondarroan saldu dutela salatu eta horien kontrola egiteko eskatu du Eguzkik
Ondarroan sare pelagikoekin arrantzatutako hainbat tona hegaluze porturatu dituztela salatu du Lea-Artibaiko Eguzkik. Jakitera eman duenez, ontzi frantses eta irlandarrek sartu dute sare pelagikoz arrantzatutako arraina, bertoko arrantzaleentzako sistema ilegala delako. «Arrantza modu hori oso suntsitzailea da, sare horrek aho zabal bat daukalako goiko aldean (futbol zelai baten tamainakoa), eta horregatik behar ez diren arrainak ere arrantzatzen ditu».Gainera, botaldi bakoitzean arrain asko harrapatzen dutenez, txalupara jasotzen dutenerako arrain asko hilda eta apurtuta egoten dira. «Gure kontserberek apurtutako hegaluze horiek erosten dituzte, itxurak ez dielako ardurarik. Beraz, uste dugu egokiena litzatekeela Eusko Jaurlaritzak kontserbera horiek identifikatzea, gero publizitate faltsua egiten dutelako; modu tradizionalean arrantzatutako arraina dela esaten dute».
Bertoko arrantzaleek modu tradizionalean arrantzatzen dutenez, erbestekoek konpententzia desleiala egiten dietela gaineratu dute. «Bertokoak arte selektibo ez intentsiboak erabiltzen dituzte, eta besteek metodo depredatzaileak».
Era arduratsuan
Aurten, gainera, Frantziako ontziteria pelagikoa arinago hasi da arrantzuan. «Bertoko txalupa tradizionalek estatuko arrantza kupoa bete duten bitartean, Frantzia eta Irlandako txalupek arrantzatzen jarraitzen dute».
Egoera horren aurrean, Eguzkik Bizkaiko Golkoan arrantza errekurtsoak modu jasangarrian eta arduratsuan kudeatzeko eskatu dio Jaurlaritzari, «bertoko arrantzaleek harrapatzen dituzten espezieak zainduz eta bere eskumenek ematen dioten ahalmenak erabiliz». Hori lortzeko, Ondarroa 12 Milia plataformaren proposamenak kontuan hartzeko eskatu dute. «Gai honetan gehiago inplikatzeko eskatzen diogu Jaurlaritzari, eta arrantzako 6/1998 Legearen 10. eta 11. artikuluak ezartzeko». Kontrol hori beti egiteko eskatu diote Jaurlaritzari, «eta ez tarteka, iaz egin zuten moduan».
Era berean, ikuskatzaileen lantaldea handitzeko eskatu diote, txalupa horiek hobeto ikuskatzeko.