Ordenantza bi lantzeko parte hartze prozesua zabaldu du udalak
Hileta elizkizun zibilei eta kutsadura akustikoari buruzko ordenantzak dira. Gernika-Lumoko Udalak herritarren interesak eta ardurak ezagutu nahi dituGernika-Lumoko Udalak bi ordenantza lantzeko parte hartze prozesua zabaldu du; hileta elizkizun zibile...
Hileta elizkizun zibilei eta kutsadura akustikoari buruzko ordenantzak dira. Gernika-Lumoko Udalak herritarren interesak eta ardurak ezagutu nahi ditu
Gernika-Lumoko Udalak bi ordenantza lantzeko parte hartze prozesua zabaldu du; hileta elizkizun zibilei buruzkoa eta kutsadura akustikoari buruzkoa. Herritarren interesak eta ardurak zeintzuk diren jakitera bideratutako parte hartze prozesuak dira biak ala biak.Dagoeneko, hileta elizkizun zibilei buruzko ordenantzaren zirriborroa eginda dago, eta etorkizunean hileta zibilak udalaren lokaletan egiteko baimenak eta erabilerak arautzen ditu. Hala ere, ordenantza horri buruzko ekarpenak egiteko aukera daukate herritarrek, eta udalaren web orrialdean eskura dezakete orain arte idatzitakoari buruzko informazioa.
Hileta elizkizunen ordenantza horretan hainbat datu daude zehaztuta; besteren artean, omenaldiak eta ekitaldiak egiteko baimenei buruzko ordezkaritza norena den, ekitaldiak noiz egin daitezkeen eta eskaera egiteko zein dokumentu aurkeztu behar diren. Gainera, interesatuen eskubideak eta betebeharrak zeintzuk diren zehazten du dokumentuak.
Kutsadura akustikoari buruzko ordenantza idazteko parte hartze prozesua ere martxan dagoela jakinarazi du Gernika-Lumoko Udalak, eta parte hartze horrek «herritarren interesak eta nahiak» zeintzuk diren jakiteko balioko duela adierazi du.
Prozesu parte hartzaileak Gernika-Lumon erroldatutako adin nagusiko edozein herritarri eta herriko elkarte eta erakundeei zuzenduta daude.
Hileta elizkizun zibilei buruz ekarpenak egiteko epea irailaren 15era artekoa da, eta kutsadura akustikoari buruzko ekarpenak, berriz, irailaren 30era arte egin ahalko dira.
Ordenantzei eta parte hartze prozesuari buruzko informazioa Gernika-Lumoko Udalaren webgunean kontsulta daiteke, eta ekarpenak egin nahi izanez gero, partaidetza@gernika-lumo.net helbide elektronikora idatzi beharko dute herritarrek.