Jaioren 'Amaren eskuak', Edimburgoko urteko liburu onenaren sarirako hautagai
Karmele Jaio idazle gasteiztarraren eleberria ingelesez argitaratu dute aurten, eta Edimburgoko Nazioarteko Liburu Jaialdiko hautagaietako bat da. Herritarrek erabakiko dute irabazleaAma lekeitiarra duen Karmele Jaio idazle gasteiztarraren Amaren eskua...
Karmele Jaio idazle gasteiztarraren eleberria ingelesez argitaratu dute aurten, eta Edimburgoko Nazioarteko Liburu Jaialdiko hautagaietako bat da. Herritarrek erabakiko dute irabazlea
Ama lekeitiarra duen Karmele Jaio idazle gasteiztarraren Amaren eskuak liburua Edimburgoko (Eskozia) Nazioarteko Liburu Jaialdiko urteko libururik onena izateko hautagietako bat da. 49 liburuk daukate sari preziatua lortzeko aukera.Irabazlea zein izango den herritarrek aukeratuko dute, Internetez botoa emanda (www.edbookfest.co.uk/the-festival/first-book-award). Urriaren 12ko gauerdian amaituko da botoa emateko epea.
Zozketa eta hautagaiak
Botoa ematen duten erabiltzaile guztien artean saria irabazteko hautagaiak diren eleberri multzoa zozkatuko dute.
Hautagaiak estreinako eleberri bat idazten duten idazleak edota erbestekoak diren baina estreinako euren liburua ingelesez argitaratu duten idazleak dira.
Jaiok 2006. urtean argitaratu zuen Amaren eskuak (Elkar) liburua. Eleberria Lekeition kokatuta dago. Nerea izeneko emakumea da protagonista. Ingeles bategaz ezkonduta dago, eta alaba txiki bat dauka. Estresaturik bizi da, eta bizitzari zentzua aurkitu ezinik dabil. Ama ospitalean dauka, zehazten ez den gaixotasun batek jota, baina jendea ezagutzeko zailtasun handiak dituela antzeman daiteke. Ama gaztea zenean marinel bategaz izan zuen maitasun harremanaren berri edukiko du Nereak.
Jaiok betidanik idatzi ditu ipuinak, eta ipuina da berarentzat generorik kutunena, erosoen aurkitzen den generoa. Hala ere, nobela idaztea zer den jakin nahi zuen, eta Amaren eskuak idatzi zuen.