Ion Mujika eta Andrea De la Hera nagusitu dira Salome Camposen
Ion Mujikak eta Andrea De la Herak lortu zuten garaipena Salome Campos itsas zeharkaldian, zapatuan. Ia 700 igerilari batu ziren Bermeon, distantzia luzeko 5.000 metro portutik Izaro uharteraino eta 1.500 eta 500 metrotako probetan.Iazko zenbait protag...
Iazko zenbait protagonistek lortu dute aurten ere nagusitzea. Gizonezkoetan, adibidez, ez dio garailearen postuari uko egin Ion Mujika bergararrak. Iaz ere, lasterketako txapelduna izan zen, ordubete eta 11 segundoko proba eginda. Aurten, berriz, ordubete, 3 minutu eta 58 segundo behar izan ditu Bermeoko portuko eta Izaro irlarainoko joan-etorria egiteko. Lasterketako gizonezko irabazlearen sariagaz 5.000 metrotako senior mailako saria ere jaso zuen gipuzkoarrak.
Emakumezkoetan Galdakaora joan da aurtengo txapela; Andrea de la Hera nagusitu da seniorretan zein emakumezkoen sailkapen orokorrean. Galdakaoztarrak ordubete, 13 minutu eta 33 segundo behar izan zituen zeharkaldia burutzeko.
Gizonezkoen podiuma Nikolas Illarramendik (1.09.12) eta Oier Erañak (1.11.08) osatu zuten. Emakumezkoetan, aldiz, Amaia Zendoiak (1.15.24) eta Ana Vegak (1.16.08) lortu dituzte bigarren eta hirugarren postuak. Vegak, gainera, master mailan ere lortu du garaipena.
Etxekoez gain, Bizkaiko leku ezberdinetatik, Gipuzkoatik, Arabatik, Nafarroatik, Madrildik, Zaragozatik, Errioxatik, Kantabriatik, Bartzelonatik… iritsi ziren igerilariak. Eta lehen bermeotarren sariak ere banatu zituzten. 5.000 metrotako proban, esaterako, Aaron Llorensek lortu zuen herrikoen arteko garaipena, eta emakumezkoetan Orbange Luzarragak.
Asko izan ziren 5.000 metrotako distantzian lehiatu zirenak, baita 1.500 metrokoan ere. Mutiletan Unai Arruabarrena nagusitu zen, 19 minutu eta 26 segundoko markagaz, eta emakumezkoetan Alba Romerok eskuratu zuen garaipena, 19 minutu eta 46ko denboragaz. Senior mailan aritu ziren biak ala biak.
Mutiletan Aritz Aguilar (0.19.44) eta Miguel Benito (0.19.46) izan ziren, hurrenez hurren, bigarrena eta hirugarrena, eta emakumezkoetan Buruntzaldeko Leire (0.20.45) eta Ainhoa Martin (0.21.50) ahizpek osatu zuten podiuma.
1.500 metroko zeharkaldian ere saritu zituzten lehenengo herrikoak: Andoni Mendiguren eta Sara Merino.
Elbarrituek ere jaso zituzten merezitako sariak: Iñaki Erauskinek irabazlearena, Kerman Urretak bigarren sailkatuarena eta Richard Oribek hirugarrenarena.
Lehen proba, umeena
5.000 eta 1.500 metroko distantzien aurretik, baina, umeei zuzendutako 500 metroko proba egin zuten. Ernesto Martinez (0.06.17) izan zen mutiletan lehena helmugaratzen; Enaitz Goñi (0.06.22) bigarrena eta Alvaro Martinez (0.06.47) hirugarrena. Nesketan, berriz, Uxue Etxeberria (0.06.31) izan zen azkarrena, eta Iraia Aranbarrik (0.06.51) eta Irati Bengoetxeak (0.06.52) bigarren eta hirugarren egin zuten. Lehen ailegatu zen bermeotarra Markel Barrenetxea izan zen mutiletan, eta Andrea Perastrau nesketan. Urtzi Martin ere saritu zuten, bestalde, elbarrituen artean.