Gertakizunak lantzerako orduan asko dira gai bati buruz aurki daitezkeen ikuspuntuak, ezagutzen direnak edota egi unibertsal modura landutako informazioen atzean geratu direnak. Bidean nahita ezkutatutako informazioak dira horietako batzuk, baina badaude inoiz galdetu ez delako ezagutzen ez diren bizipenak ere.
15 egunetan Kroaziako giza eskubideak eta memoria historikoa lantzeko udaleku bat antolatu zuen Europar Batasuneko Erasmus+ programak, eta bertatik bueltatu dira
Gernika Gogoratuz elkarteak aukeratutako bost gazteak; horien artean, Maitane Uriarte taldeko burua, Elia Malaxetxebarria eta Xabier Oyanguren gernikarrak, German Azumendi eta Kristina Bilbao bermeotarrak eta Javier Hernandez Salamankakoa.
Jugoslavia zaharreko gatazkak bizi izan zituzten herrietan zehar ibili dira gazteak, eta ikusitakoagaz, orain arte Internet eta liburuen bidez ezagutzen zutena “zalantzan jarri” dutela aitortu dute. Ezagutzen den historia beste ikuspuntu batetik ikusi dute, eta narratibak garaiaren arabera aldatzen direla ikasi dute. “Zagrebeko museoen artean, nabariko ezberdintasunak ikusi ditugu, eta norberak nahi duen norabidean bideratzen duela informazioa ikasi dugu; historiaren kontaketa oso subjektiboa dela, alegia”.
Memoria historikoa lantzeko orduan Kroazian
zer egin den eta zer egin ez den ikusi dute, eta memoria lanketa ezberdinak jorratzeko aukerez ohartu dira. Bertoko egoerekin alderaketak egin dituzte eta herriotan zer egin dezaketen ikusi dute.
“Begiak zabaldu arte ez gara gauzetaz ohartzen”, aitortu dute. Gainera, historia ez dela museoek kontatzen duten modukoa argudiatu dute, “gertaerak bizi izan dituztenek kontatzen duten modukoa delako”. Hori horrela, testigantzek beste ezerk baino gehiago balio dutela ohartu dira, museoetako kontakizunak baldintzatuta egon daitezkeelako.
Lanketa ezberdinak. Ohiko kontaerez gain, bestelako memoria lanketak egin daitezkeela ikusi dute gazteek; besteren artean, Jasenovac herriko memoria historikoaren lanketagaz ohartu dira horretaz. “Kontzentrazio esparru batean izan ginen bertan eta espero ez genuen egoera ikusi genuen. Horren sarraskitsua izan den tokia leku baketsua da orain, ohiko kontzentrazio esparruetatik bereizten dena”.
Han, biktimen ahotsei ematen zaiela garrantzia azpimarratu dute, eta ez erasotzaileei. Esperientzia horrek Vucovar hiriko ospitalearen egoeragaz talka egiten duela kontatu dute. “Serbioak kriminalizatzera bideratutako museoa da ospitalea, ez biktimak gogoraraztea helburu duena”. Instituzioek historia lantzeko orduan duten botereaz ere jabetu dira: “Eskoletan derrigorrezkoa da Vucovar bisitatzea, baina Jasenovac-eko kontzentrazio esparrua berriz, ez”.
Konparaketak. Toki bateko eta bestearen arteko desberdintasunez ohartuta, berdintasunak ere aurkitu dituzte parte hartzaileek. Lipa herriko egoeragaz identifikatuta sentitu dira gernikarrak, Lipa ere bonbek suntsitu zutelako: “1944. urtean naziek Lipa bonbardatu eta osorik suntsitu zuten, bertako biztanle guztiak hilez”. Gerora, azaldu dutenez, bertan jaiotako lehenengo pertsonak biztanleen zuhaitz genealogikoa egin zuen, “egin daitekeen omenaldi handienetako bat”. Gainera, ideologiak alde batera utzi eta pertsonei eman ziela garrantzia azaldu dute, lekukotasunak duen garrantziaz ohartuta.
Adibide horri erreparatuta, Euskal Herrian ere badagoela zer egin ikusi dute gazteek, eta horretan sakontzeko prest agertu dira; izan ere, beraientzat Kroazian bizitakoa “ikasketa pertsonala izan da”. Orain, bakearen alde egin nahi dute, bertako ekimenetan parte hartuz.