Alejandro Mallona alkate ohia omentzeko ekitaldiak antolatu dituzte Mundakan
Mundakako Udalak herriko alkatea izandako Alejandro Mallona Iza omenduko du. Aurton bere fusilamenduaren 81. urteurrena betetzen da, eta hori gogora ekartzeko, alkate ohiaren eta Mundakako memoria berreskuratzeko oroitzapenezko ekitaldiak egingo dituzte.
Bihar arratsaldean egingo dute lehenengo ekitaldia, herriko hilerrian, bertan aurkitzen baita bere hilobia. 19:30ean izango da lore eskaintza. Bigarren ekitaldia, bestetik, etzi izango da, irailaren 6an, 08:00etan. Ohitura denez, alkatearen omenez eraikitako Mallona parkeko oroitarriaren aurrean bilduko dira lore eskaintza egiteko.
1878ko otsailaren 2an jaio zen Alejandro Mallona Iza. Francoren tropek Bizkaia hartzean, 1937. urtean, atxilotu egin zuten, heriotza zigorra ezarriz. Urte bereko irailaren 15ean fusilatu zuten Mallona falangistek. Egun berean ehortzi zuten, baina 1949an, beste hilobi batera eraman zuten bere gorpua. 1987an, Mundakako hilerrira lekualdatu zituzten bere gorpuzkiak.