Asiako liztorra azken urteetan izandako
“izurri kaltegarrienetakoa” dela eman du aditzera Amaia Elorza Bermeoko Lurgintza zinegotziak.
Hori kontuan hartuta, Bermeoko Udalak izurri hori kontrolatu ahal izateko
neurri gehigarriak hartu ditu azken bi urteetan. Neurri horien baitan, Asiako liztor erreginak harrapatzeko kanpaina berezia burutu dute. Elorzak adierazi duenez, kanpainaren emaitzak “onak” izan dira. Guztira,
45 liztor erregina eta 527 liztor langile jaio berriak harrapatzea lortu dute.
Kanpaina horren bitartez, asiar liztorrentzat
22 tranpa homologatu jarri dituzte udalerriko landa auzoetan: besteak beste, San Migel, Demiku, Arane, San Andres, Almika, Artika, Agarre eta Mañu auzoetan ezarri dituzte aipatutako tranpak, eta gehienak iaz liztor habiak aurkitu dituzten lekuetan jarri dituzte.
Gaizka Aurrekoetxea Ingurumen teknikariak azaldu duenez, tranpak “oso selektiboak” izan dira: “euliak alde batera utzita, harrapatutako beste ia guztia liztor asiarra izan da”. Gaineratu duenez, “sistema horrek bere helburua bete du eta
ez du inongo eragin kaltegarririk izan ingurumenean“. Jarritako tranpa guztietan harrapatu dituzte liztor asiarrak, beraz, horien kokapena eta banaketa landa auzoetan “egokia” izan dela nabarmendu du Aurrekoetxeak.
Guztira, 22 tranpa ezarri dituzte. Argazkia: Bermeoko Udala
Bestalde, liztor erreginen kasuan aurten
iaz baino %55 gutxiago harrapatu dituztela adierazi du teknikariak, eta horren arrazoi nagusi bezala aurtengo negua eta udaberria oso euritsuak izan direla azpimarratu du. Horren ondorioz, aurten liztor erregina gutxiago egon direla azaldu du. Liztor langileei dagokienez, aurten askoz gehiago harrapatu dituzte, iaz baino ia bi aldiz gehiago, hain zuzen ere. Iazko kanpainan, guztira, 101 liztor erregina eta 270 liztor langile harrapatu zituzten.
Udaletik gogoratu dutenez, “izurri horren kontrol lana indartzeko,
herritarrek ere tranpak jar ditzakete 2019ko udaberrian haien etxe edo lurretan, plastikozko botila batekin egindako etxe-tranpekin eta ura ozpinarekin nahastuta erabilita”.
Hedapen azkarra. Lurgintza zinegotziak adierazi duenez, “Asiako liztorra orain zortzi urte inguru heldu zen Euskal Herrira eta oso azkar zabaldu da”. Asiar liztorrek honako kalteak sortzen dituztela azaldu du: “intsektu mota asko jaten dituzte, erleak batik bat; fruta-arboletan kalteak sortzen dituzte eta bere ziztada arriskutsua da gizakientzako”. Azken urteetan, izurri horri aurre egiteko lanean ari direla nabarmenduz bukatu du zinegotziak.