Polemika bueltatu da Kontxara. Atzo lehiatu zuten lehen jardunaldia, eta emozioagaz eta lehia estuagaz batera,
epaileen erabakia izan zen eguerdiko
protagonista.
Gizonezkoen
bigarren txandan lehia bizia egon zen Zierbenaren eta Urdaibairen artean. Aurretik lehen txandan Hondarribiak ezarritako denbora (19:27.06) hobetzea zen erronka, eta alde estua egon zen bien artean. Esaterako, Urdaibaik ziabogan segundo bakarreko eta hamasei ehuneneko errenta zuen Zierbenarekiko. Hala, hamabosgarren minutuko 40 segundoan gertatu zenak ondorio latza izan du talde bermeotarrarentzat. Zierbenaren kaletik, laugarren kaletik zihoan Urdaibai orduan: bi traineruak parean jarri, eta palak gurutzatu zitzaizkien.
Izan ere, ziabogaren ostean, haizearen eta korrontearen indarraz baliatzeko estriborrera jo zuten bigarren txandako lau traineruek. 11. minutuan Zierbena bosgarren kalean zen, eta Urdaibai laugarrenean, eta horrela mantendu ziren luze erdia zehazten duten balizak pasatuta ere. 15:40ean gertatu zen pala jotzea. Jarraian bi ontziak zabaldu eta 28 ehuneneko aldeagaz amaitu zuten estropada, Hondarribiaren denbora hobetuta (Zierbenarengandik 86 ehunenera dago Hondarribia). Hain zuzen, 19:26.14 markatu zuen Zierbenak; 28 ehunenera sartu zen Urdaibai, 15 segundo eta 42 ehunenera Santurtzi eta 33 segundo eta 5 ehunenera Donostiarra.
Estropada amaituta, erabaki zehatzena hartu asmoz, ETBko unitate mugikorrera joan eta irudiak aztertzen aritu ziren epaileak.
Azken sailkatuaren denbora gehi hamabost segundoko zigorra ezarri zioten Urdaibairi.

Urdaibaiko arraunlariak atzoko estropadan.
Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Erabakiagaz ados ez daudenez, helegitea aurkeztuko dutela iragarri zuten talde bermeotarraren ordezkariek. Zigorra ez dela bidezkoa uste dute, eta arraunlarien lana zein haien eta herriaren ilusioak behartuta, helegitea aurkeztu eta hurrengo domekan banderaren lehian egoteko borrokatu behar dutela argi daukate. Eguaztenean 13:45ean amaitzen da helegiteak aurkezteko epea, eta hori egiteko ahalik eta informazio gehiena bildu gura du talde bermeotarrak.
“Nahiz eta euren kalean egon, guk ez diegu kalterik egin”, adierazi zuen atzo Joseba Fernandez Urdaibairen entrenatzaileak.
Beñat Eizagirre Urdaibaiko arraunlariak adierazi zuen Zierbenakoei “jotzeko” entzun zietela: Bat-batean “
pegales” entzun dugu, eta gure bila etorri dira. Uretan gu garaitzeko gai ez direnak beste modu batera nahi gaituzte garaitu, baina ez dugu etsiko”.
Nesketan, San Juan nagusi
Bestalde, emakumezkoen lehian Euskotren Ligaren irabazlea izan zen garailea atzoko estropadan ere, eta bere bosgarren Kontxako Bandera irabazteko pauso garrantzitsua eman zuen. 10 minutu eta 41 segundotan burutu zuen San Juanek lana.
Sei segundora heldu zen Riveira talde galiziarra. 7 segundora sailkatu zen Orio, eta 13 segundora Arraun Lagunak. Hala, horiek osatuko dute domeka honetako ohorezko txanda.
Hibaika sailkatu zen bosgarren, San Juanengandik 19 segundora, Kaiarriba (Donostiarra Arraun Elkartea) izan zen seigarrena eta Kaiku zazpigarrena, 25 segundora. 34 segundora amaituta, Tolosaldeko Arraun Kluba geratu zen azken postuan.
GIZONEZKOEN SAILKAPENA:
- Zierbena 19:26.20
- Hondarribia 19:27.06 (+0.86)
- Santurtzi 19:41.32 (+15.12)
- Cabo 19:43.22 (+17.02)
- Orio 19:47.16 (+20.96)
- Donostiarra 19:59.18 (+32.98)
- San Pedro 20:00.64 (+34.44)
- Bermeo Urdaibai 20:15.64 (+49.44) [zigorragaz]