Txipiroi Swim- III. Eako Kaiharria itsas zeharkaldia egingo dute zapatuan, 11:45etik aurrera.
Izen ematea zabaldu eta lehenengo astean
bete zuten
gehienezko parte hartzaile kopurua.
175 igerilarik lehiatuko dute 2.700 metroko proba.
Moilatik Kaiharrira arteko joan-etorria egiten dute igerilariek.
Aurretik, baina,
300 metroko Txipiroitxu Swim itsas zeharkaldia egingo dute.
11:00etan hasiko da umeen proba, eta ez da lehiakorra. Horiek bihar goizean ere izena eman ahalko dute. Gurasoek baimena sinatzea beharrezkoa da proba egiteko.
Bira Birra Kirol Klubaren kideek herriko jendearengandik duten laguntza eta probaren egunean Ean sortzen den giroa azpimarratu dituzte: “Egun polita izaten da; jai giroa egoten da egun osoan zehar”.
Beste zeharkaldiak ez bezala, itsaso zabalera ailegatzen den proba da, eta horrek igerilarientzat berezia egiten duela azaldu dute: “Eurentzat polita da, eta itsasoaren baldintzen arabera gogorra izan daiteke”. Iaz, esaterako, bertan behera utzi behar izan zuten itsaso sakarraren ondorioz. Hala ere, antolatzaileek azaldu dutenez, izena emandako asko hurbildu ziren herrira egun pasa egitera: “Itsasoaren baldintza ezagututa, aurretik abisatu genien proba bertan behera utzi beharko genuela, eta hala ere, izena emandakoen %90a etorri egin zen”.
Nagusien lehiari dagokionez, neopreno barik doazen lehenengo hiru gizonezkoak eta emakumezkoak sarituko dituzte, bai eta Eako lehenengo gizonezkoa eta emakumezkoa ere. Umeak ere ez dira esku hutsik geratuko; dominak, bizerak, zukuak eta gozoki poltsak jasoko dituzte.
Laguntzaileek eta babesleek emandako
materialak ere
zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean.