Santixorekin, akabo malenak
Aspaldikorik-eta jairik luzeenak agurtu dituzte mutrikuarrek. Santixo eguna 'Bizixo' balea agurtzen eta Anaiarte abesbatzaren kantu herrikoien artean borobildu dute.Santixo egunarekin agurtu dituzte malenak. Sei eguneko ospakizunak Anaiarte abesbatzare...
Aspaldikorik-eta jairik luzeenak agurtu dituzte mutrikuarrek. Santixo eguna ‘Bizixo’ balea agurtzen eta Anaiarte abesbatzaren kantu herrikoien artean borobildu dute.
Santixo egunarekin agurtu dituzte malenak. Sei eguneko ospakizunak Anaiarte abesbatzaren kontzertuarekin amaitu dituzte mutrikuarrek.Ageriko 38. Margo Sariketarekin hasi zituzten Santixo eguneko ekintzak. 10:00etan hasi zen lehiaketa, eta bertan parte hartu zuten 24 parte hartzaileek 14:30ak arte izan zuten margolanak egiteko tartea. Antolatzaileek adierazi zutenez, 20 lagunek parte hartu zuten helduen kategorian eta lau gaztetxok haur kategorian. «Ia denak kanpotarrak izan dira. Asko Euskal Herrikoak badira ere, Espainiatik eta Frantziatik etorritakoak ere badaude. Mutrikuko parte hartzaile bakarrak eman du izena».
Artistak herriko paisaiarik adierazgarrienak irudikatzen ibili ziren han-hemenka. Eta eguna euritan hasi zuenez, askok aterpetan landu zuten sormena. Askotariko teknikak erabili zituzten oleoa, akuarela, espraia… ,baina gehienek, margo akrilikoak erabili zituzten, «errazago sikatzen direlako». Parte hartzaile denak bazkaritan batu ziren sariketako arduradunekin batera.
Eguerdian, bestalde, okela eta txakolin dastaketa egin zuten Goiko Plazan. Bertaratu zirenek Olabarrietako auzoko Erdikua eta Berriatuko Aitzeta baserriko eta Olazko andreek prestaturiko gisatu gozoa jateko aukera izan zuten. 80 kilo haragi prestatu zuten, eta pintxoak ordubete eskasean amaitu ziren.
Arratsaldean, berriz, margo lehiaketako sari banaketa egin zuten Zabielen. Epaimahaiarentzat Eduardo Alsasua gasteiztarraren lana izan zen onena. Moila irudikatu zuen, atzean herriaren ikuspegia zuela. Bigarren eta hirugarren sarituak Leticia Gasparren eta Maria Teresa Duraren lanak izan ziren, hurrenez hurren. Umeen kategorian Maider Errastik jaso zuen sari nagusia.
Herriko gazteenek Lore kolore ikuskizunarekin gozatu ederra hartu zuten. Jolasean, dantzan eta kantuan ibili ondoren, Bizixo balea agurtu zuten datorren Malenak arte Beheko Plazatik Intxirriraraino kalejiran joan zirenek.