EuskarAbenturako lagunak Gernika-Lumora iritsiko dira domekan
Uztailaren 1ean Maule-Lextarren hasi zuten abentura hilaren 31n Getxon bukatuko dute EuskaAbenturako 140 lagunek. Horra ailegatu orduko, baina, Mutrikun, Markina-Xemeinen eta Gernika-Lumon ere izango dira.
Done Jakue bide ezberdinetatik igarota, Euskal Herria zeharkatzeko asmoz hasi zuten abentura 16-17 urte bitarteko 110 gaztek, 30 helduz lagunduta. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako gazteak dira parte hartzen dutenak, eta horiekin batera dira, esaterako, diasporako bi ere: bata Patagoniakoa eta bestea Washingtongoa. Izan ere, duela hiru urte hasi ziren bueltak ematen Euskarabenturaren ideiari, Euskal Herritik urrun: Boiseko (AEB) Euskal jaian.
Esperientzia bete motxila aldean, guztira, 783 kilometro egingo dituzte; horietatik 438 oinez. Betiere, euskara ardatz hartuta. Euskal Herriko hiriburu guztiak zeharkatuko dituzte, eta UNESKOk izendatutako Gizateriaren Ondareak bisitatuko dituzte. Etapa bakoitzaren amaieran, gainera, ekintzak egiten dabiltza Euskarabenturakoak. Geografia, historia, kultura eta errealitate soziolinguisrtikoari ere tartea eskaintzen dabiltza.
Bihar, Itziar atzean utzi eta Mutrikuko Olatz auzora autobusez joango dira, bertatik, Markina-Xemeinerantz oinez joateko. Lea-Artibaiko herri horretatik Gernika-Lumorantz egingo dute, hurrengo egunean. Bide horretan, besteak beste, Arretxinagako (Markina-Xemein) baseliza, Santimamiñe koba eta Oma basoa (Kortezubi) eta Gernikako juntetxea ezagutuko dituzte. Gernikatik Bilbora abiatuko dira astelehenean, eta Getxo izango dute helmuga hileko azken egunean.
EGITARAUA:
Uztailak 29 (Markina-Xemein-Gernika-Lumo).
-08:30-14:00. Etapa Santimamiñera Omako basoa zeharkatuz.
– 14:00. Santimamiñe bisitatu.
– 15:30-18:30. Etapa Gernika-Lumora.
– 22:00. Feedbacka.
Uztailak 30 (Gernika-Lumo-Bilbo).
– 08:30-10:00. Sormen lanen entsegua.
– 10:00-11:15. Gernika bisitatu: Juntetxea.
– 12:00. Trenez Bilbora.
– 18:00-20:00. Sormen lanen aurkezpen publikoa Arriaga plazan.
– 22:00. Amaiera festa.
Uztailak 31 (Bilbo-Getxo).
– 09:00-11:00. Bilbotik Portugaletera.
– 11:30-12:30. Bizkaia zubia zeharkatu.
– 12:30-13:30. Amaierako gala Getxoko Andres Isasi antzokian.