Bermeoko EAJk "gogobetez" hartu ditu portuko plan bereziaren aldaketak
Bermeoko EAJk bere “gogobetetasuna” adierazi du Eusko Jaurlaritzak Portuko Plan Bereziaren modifikazioarekin eman duen urratsagatik, eta erabaki horrek “portuaren eta herriaren arteko interakzio hobea” ekarriko duela uste du.
Aritz Abaroa Bermeoko EAJko bozeramaileak baieztatu duenez, “Eusko Jaurlaritzak Bermeoko herritarron eskariei erantzun die, Plan Bereziaren hirugarren aldakuntza aspalditik eskatu dugun gauza izan delako”. Aldaketa horiek “gune horretako ingurugiroaren kalitatea hobetzea” ahalbidetuko duela adierazi du jeltzaleak.
Herri guztiarentzako hobekuntzak. Planean biltzen diren aldaketak Txibitxaga, Santamañe eta Kurtzio guneetako bizilagunek egindako eskariaren ondorioz emango dira, baina ekarriko dituen hobekuntzak “udalerri osoarentzat” izango direla uste dute jeltzaleek: “aintzat hartu behar da Bermeokoa bezalako portu txiki batean erabilera ezberdinak elkarrengandik oso hurbil kokatuta daudela”.
Bermeoko portuan “etorkizunera begira garatu ahal izango diren erabilera eta jarduerak berrantolatzeak eta zehazteak aukeraz betetako leihoa ireki” duela azaldu du Abaroak. EAJk portuko elementuen antolaketa berriak bestelako jarduera ekonomikoak erakartzea espero du, ingurua eta toki garapena dinamizatzeagaz batera.
Jeltzaleek, beraien aldetik “herrikideekin soinez soin lan egiten” jarraituko dutela azaldu dute, “orain arteko konpromiso berberarekin, Bermeo gero eta herri hobea izatea lortzeko”. Abaroak “herritarren eskariei erantzunez lanean jarraituko” dutela gaineratu du.