Santiagoak eta santanak, herritarrak elkartzeko jaiak
Santiago egunez batu dira gaur, eta Santa Ana eguna ospatzeko elkartuko dira bihar Busturia, Kortezubi eta Morgako herritarrak.
Jai egunetan murgilduta daude Busturialdeko herrietan; Kortezubin, Morgan eta Busturiako Axpe auzoan. Santiago eguna ospatu dute gaur herritarrek, eta bihar, Santa Ana eguna ekintzez beteko dute. Nabarniztarrek bestalde, domekan ospatuko dute Santiago eguna.
Atzo hasi ziren busturiarrak Axpe ekintzez betetzen. Gaur baina, uztailaren 25a dantzekin bete dute. Goizean meza entzun eta gero, eliza aurrean askotariko dantzak egin zituzten Irrintzi Alai Dantza taldeko dantzariek; beraien 50. urteurrena ospatu dute eta. Mutil eta neskek egin dute dantza, eta batera zein banaka aritu dira Busturiko alkate, zinegotzi eta herritarren aurrean. Txaloz animatu dituzte dantzariak; ondoren, trikipoteoan abiatu dira auzoko tabernetan zehar.
Arratsaldean, mozorro eta karrozen desfileagaz herria koloreztatuko dute, eta, nagusi, gazte eta txikiak elkartuko dira bertan.
Jaiek hurrengo egunetan ere jarraituko dute, zapatura arte hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango baitute herrira hurbiltzen direnek.
Jai nagusiak. Kortezubitarrak jai nagusietan murgilduta daude egunotan, eta herriko jaiek ez dute etenik izango zapatura bitartean. Gaur meza santuagaz hasi dute eguna, eta gero, bakailao jana egin dute. Herritarrak frontoian batu dira eta sortutako giroaz gozatu dute. Bertan igaro dute eguerdia bakailaoagaz bapo bete arte. Arratsaldean, gainera, kale antzerkia izan zuten aukeran herritarrek.
Santana eguna ospatzeko, bihar ere meza egingo dute, eta arratsaldea gizon probekin beteko dute.
Morgatarrentzat ere, jai nagusiak dira santiago eta santanak, eta jaietako lehenengo eguna ospatu dute gaur. Meza, dantza eta pintxoak izan dira herriko protagonistak, eta horien inguruan batu dira morgatarrak.