Hainbat proposamen aurkeztu dituzte uztaileko ez ohiko osoko bikuran
Uztaileko ez ohiko osoko bilkura ospatu zuten atzo iluntzean Gernika-Lumon, eta sei puntu eztabaidatu zituzten bertan. Alde bakoitzak, hainbat proposamen aurkeztu zituen arren, ez zen plazaratutako bat ere ez onartu.
EH Bilduk deitu zuen uztaileko ez ohiko osoko bilkura, eta beraien interesekoak diren gaiak lantzeko “modu bakarra” hori dela adierazi zuten koalizioko ordezkariek: “Landu nahi ditugun gaiak ohiko bilkuretan sartzeko eskaera egin arren, ezezkoa jasotzen dugulako deitu dugu bilera hau, gure porposamenak publiko egiteko”.
Hori horrela, sektore publikoko kontratazio mahaietan udal ordezkariak begirale moduan egoteko proposamena egin zuen EH Bilduk, “politikarien betebeharra gertatzen denari buruz jakinaren gainean egotea delako”.
Udal gobernuak, baina, kontratazio mahaietan teknikariak soilik egotea nahikoa dela uste du, ez dela “informazio faltarik” egongo arrazoituz: “Ez da beharrezkoa mahai teknikoetan politikariak egotea, konfiantza osoa daukagulako teknikariengan”.
Gernika-Lumoko eraikin publikoen ustiapena gai hartuta, EH Bilduk horiek ustiatzeko eskaintza egitean, legeak ezartzen duen publizitateaz gain, beste publizitate irizpide batzuk jartzea eskatu zuen; hau da, bandoaz gain, herriko komunikabide lokaletan publizitatea jartzea. Udal Gobernua ados agertu zen koalizioak hartutako irizpideekin, baina bandoa jartzea nahikoa zela argudiatu zuen.
Gernika-Lumoko TAO zerbitzuaren egoerari buruz ere hitz egin zuten osoko bilkuran, eta Iñaki Gorroñok auditoria baten zain daudela adierazi zuen.
Bestalde, gizarteratzeko lege berriaren kontratu berezien ehunekoa zenbatekoa izan behar den ere landu zuten bileran. EH Bilduk %7 izatea eskatu zuen, eta erantzun modura, oraindik urte bete geratzen dela esan zuen udal gobernuak.
Hileta zibilen ordenantza. Agurtza zibilaren inguruko ordenantza proposatu zuela iaz azaldu zuten eguaztenean EH Bilduk. Eta eguaztenean bertan jaso zutela udal gobernuaren proposamena esan zuten.
Udalak prozesu parte hartzailea bultzatu nahi du, ordenantza egiteko ekarpenak bultzatzeko.
Hala, baina, parte hartze hori bi norabideetakoa izatea eskatu du EH Bilduk. Gainera, prozesua elkarlanean burutzeko baldintzak betetzen direla adierazi zuten.