Skatea herritarrengana hurbiltzeko gogoz Ogroskate jaia ospatu zuten zapatuan Gernika-Lumoko San Kristobal plazan. Sei talderen emanaldiek girotu zuten arratsaldea.
Trikimailuak eta jauziak ez ziren falta izan zapatuan Gernika-Lumon. Denetariko probak izan zituzten aukeran Ogroskate jaira bertaratutako irristatzaileek, eta bakoitza zertarako gai den erakutsi zuten San Kristobaleko pistetan.
Argazkia: Ibai Garcia
“Oso pozik gaude lortutakoagaz. Ez zen jendetza batu, baina espero genuena gainditu du”, azaldu du Ogroskate jaialdiko antolatzaileak. Jendea ondo pasatzera hurbildu zela argi dauka antolatzaileak, eta hori pozgarria dela uste du. Gainera, lortutakoa aztertu bezain laster, hurrengo urtera begira jarri zirela aitortu du: “Egitarau berdinagaz jarraitu nahi dugu, baina, badaude hobetu beharreko gauzak eta hala egingo dugu, gure jaia delako”.
Zortzi urtez ospatu gabe egon den skate jaira gernikarrak ez ezik, inguruetako herrietako jendea ere hurbildu zela azaldu du antolatzaileak: “Skatea praktikatzen dutenak oraindik badaudela erakusteko Bilbotik, Barakaldotik eta Gasteiztik ere etorri zen jendea; inguruko gaztetxoak ere bertan izan ziren”.
Irristatzaileen topagunea. Ogroskate jaiaren aurrekaria izan zen Agroskate jaialdia, eta horren antolatzaile eta esataria izan zen Rober Garai ere egon zen zapatuan. Garaik egindako lanagaz jarraitu duela azaldu du antolatzaileak, eta etorkizunean “oraingo gazteek” gauza bera egitea espero duela azaldu du.
Hamabi orduz egon ziren skate gainean bertaratutakoak, goizetik hasi eta ilundu bitartean. Txiki, gazte zein nagusiek proba ezberdinekin hasi zuten eguna, eta horrela jarraitu zuten eguerdira bitartean. Denetariko probak egin zituzten; trikimailuekin zerikusia zutenak, jauzi ezberdinak praktikan jartzen zituztenak, edota momentuan antolatzaileek asmatzen zituztenak.
Argazkia: Ibai Garcia
Jaialdira, baina, arratsaldean hurbildu zen goizean baino jende gehiago. Ordu erdiko kontzertuek eta eguraldiak lagunduta, skatea praktikatzen jarraitu zuten.
Sei musika talde igaro ziren pisten ondoan jarritako oholtza gainera, eta irristatzaileak zein herritarrak girotu zituzten doinuek. Amaitzeko, ordu betez Dja aritu zen San Kristobal plazan