Ehunka pertsona elkartu zituen maiatzaren 20an Gu be zuek gara elkartasun maratoiak,
eta guztira 48.409,91 euro batzea lortu zuten.
Ekimen “arrakastatsua” izan zela Gernika-Lumon ospatutakoa jakinarazi dute elkarteko kideek, eta batutako diruari esker “aurrera pauso bikaina” eman ahal izango dute: “Gaixoek behar dituzten baldintza bereziei erantzun bat eskainiko diegu lortutakoagaz”.
Maiatzaren 20a igande aparta izan zela aitortu dute: “Kirola egin, ondo pasatu eta pertsona berriak ezagutzeaz gain, Gurutzetako Ospitalaren ondoan dagoen lokalean egongela bat egokitzeko batu beharreko dirua gainditu genuen”.
Konpromisoz, eskuzabaltasunez eta urdinez jantzi ziren herritarrak, eta proiektuaren helburua bultzatzea lortu dute. Onkologiako haur eta nerabeen eta beraien familiakoen
erosotasuna lortzea zen helburu nagusia; infekzio arriskuak ekiditeko beste leku erosoago bat izatea alegia.
Eskerrak parte hartzaileei. Gu be zuek gara ekimenak izan duen arrakasta lortzeko herritarren, elkarteen eta enpresen laguntza beharrezkoa izan dela aitortu dute. Hori horrela, jasotakoa eskertu nahi izan dute elkartekoek.
Boluntarioen lana azpimarratu dute, baita herria girotu zuten musika talde eta eskolen lana ere. Gainera, ekimena aurrera ateratzeko beharrezkoak izan diren produktu eta objektuak dohaitzan eman zituzten enpresa, elkarte eta norbanakoei ere eskerrak eman dizkiete.
Egunean bertan lanean aritu ziren boluntarioak gogoratu dituzte, baita parte hartzaileak ere: “
Milioi bat esker parte hartzaile guztiei, gure proiektuaren alde eman duzuen debora, eskuzabaltasun eta maitasunagatik”.