Jakin nahiak bultzatzen ditu ikerketak, eta azterketa lan horiei esker hainbat informazio eskura daiteke. Ikerketak dira lehenaldiaren eta orainaren arteko erlazioa sortzen dutenak; historia eta ohituren jatorriak zehazten edo aztertzen dituztenak alegia.
Ohituretan oinarritutako ikerketak, gizarte sozial eta portaerei buruzkoak, edota gatazkak lantzen dituzten lan asko dago gaur egun; garrantzitsuak guztiak. Atzotik, baina, Euskal Herriko ohituretan esanguratsuak izan diren korta edo saroiei buruzko erakusketa dago ikusgai Gernika-Lumoko
Euskal Herria Museoan, eta 2019ko urtarrilaren 6ra bitartean egongo da hori bisitatzeko aukera.
Biribilak mendietan. Seles, Kortak, Saroiak. El monte en círculos izeneko erakusketa aurkeztu zuten atzo udalerrian, eta
erakusketa ibiltaria izango dela jakinarazi zuen Lorea Bilbao Euskarako eta Kulturako foru diputatuak: “Gernika-Lumotik mundura zabaltzeko erakusketa dinamikoa da honakoa”. 2018. urtea “Europako kultura ondarearen urtea” dela adierazi zuen atzo Lorea Bilbaok, “itzalean dagoen ondarea erakusteko garaia, beraz”. Eta Basokortei buruzko lehenengo erakusketa honek lurrak biribilean nola antolatzen zituzten jakiteko balio duela aitortu zuen: “Honen bidez, hobeto ezagutu ahal dugu zelan bizi ginen aspaldiko garaietan, zein zen gure antolatzeko modua”.
Mendietako lursailak dira kortak, Euskal Herriko
lurrak antolatzeko modurik zaharrenak; biribilak dira aztarna gehienak, Nafarroan, baina, karratuak dira. Korta horiek historian utzitako eta aurkitutako aztarnak biltzen ditu zortzi gunetan banatutako erakusketak. Bilbaoren berbetan, “erdiko harri handi batetik abiatuta eratu diren mendiko lurren ezaugarrietan” sakontzen du erakusketak; izan ere, horien jatorria, erabilera eta garapen historikoa aurkitu daiteke museoko azken solairuan. Besteak beste, zertarako erabiltzen ziren, zelan sortzen zituzten eta noren menpe zeuden argitu daiteke bertan.
Euskal Herriko hainbat abizen, baserri eta paisaien jatorria dago basokortetan; euskaldunek sortu zituzten lursailak dira-eta, oraindik inguruan aurki daitezkeenak. Deituren jatorria argitzeko beharrezkoa den kontakizuna ematen du erakusketak, informazio panelez lagundutakoa. Gainera, dokumentu eta bideoez gain, kortetako zenbait mugarri zentral ikus daitezke museoan, bakoitza dagokion idazkunarekin.
Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatua egon zen erakusketako aurkezpenean.
Erakusketak gertakari orokortu baten ikuspegia eskaintzen du, lehen kortak mendi lur guztiak hartzen zituzten eta. Hala ere, gaur egun, korten %20a besterik ez da ezagutzen.
Ekintzak. Irailaren 28 eta 29an kortei buruzko erakusketagaz erlazionatutako hainbat ekintza burutuko dituzte eskualdean. Barikuan, Euskal Herriko Saroiak ikerketa lana laburtuko duen hitzaldia emango dute Euskal Herria Museoan, eta zapaturako berriz, eskualdeko saroiak ikusteko ibilbide gidatua antolatu dute; Arrieta eta Busturia artean ibiliko dira ibilaldian. “Sarri askotan ikustea gatz izaten dira saroiak, ez dakigulako zelan eta nora begiratu behar dugun”, adierazi zuen Bilbaok, eta hori horrela, eskualdeko kortak bisitatzeko aukera izango du interesa duenak.