Unai Lekerika: "Hiru txapelketa handietako bat irabaztea da helburu nagusia"
AEBetan hirugarren denboraldia bete duzu. Esperientzia hartzen zoaz. Maila ona eman, eta sariak ere heldu dira. 2016ko martxoan joan eta beheko kinielak jokatzen hasi ginen. Emaitza onak etorri ziren, eta iazko irailean goiko kinieletara pasatu gintuzten. Hor maila altuagoa dago, pilotari berriekin zaude, eta euren jokoa ondo ezagutzen ez duzunez, horretara moldatu behar zara. Hasieran ez da erraza. Baina moldatu garenean, emaitza onak atera ditugu; txapelketetan garaipenak lortuta. Beraz, ondo, ezinhobeto. Balorazioa oso positiboa da; gehiago ezin dut eskatu. Oso pozik nago egindako lanagaz. Jai Alaira publiko gaztea hurreratu da azken urteotan, eta frontoia bete egiten da. Kantxa barrutik zelan bizi duzue giro berezi hori? Publikoa partiduan sartuta badago, alaitsu eta giro ona transmititzen badu, pilotariak ere gehiago ematen du. Frontoia isilik eta hotz badago, desberdina da. Etxean jokatzeak gehiago motibatzen du. Hau gure betiko frontoia da; 10 urtetik hemen nago. Hemen ikasi dut jokatzen. Presiorik ez duzula aitatu duzu, baina ilusio berezia bai, ezta? Hamar hilabete kanpoan egonda, familiaren, lagunen eta herriaren aurrean jokatzea ilusio handia da. 23 urtegaz, hiru denboraldi daramatzat profesionaletan, eta Goikoetxeak ibilbide luzea dauka. Beteranoa eta gaztea; ea ondo orekatzen garen. Bera ere gogotsu dago, eta dena ematera aterako gara. Beste bi gernikarrek datorren astean daukate final-laurdena. Beaskoetxeak eta Ekhik Barandika eta Dukeren kontra jokatuko dute. Dukek istripua izan zuen, eta denbora asko egon da kantxetatik kanpo; ez dakigu ze mailan egongo den. Barandika oso maila onean dago, eta iaz Ekhigaz finalera heldu zen. Ekhik iaz debutatu zuen profesionaletan, oso maila ona emanez. Diego txakur zaharra da, urte asko daroaz hor goian. Bi bikoteak gogorrak dira. Faborito moduan Diego eta Ekhi jarriko nituzke, baina jokatu egin behar da.“Oso polita litzateke herriaren aurrean finala jokatzea; familiari eta lagunei opari hori ematea”
Aurreko asteburuan hasi zenuen hemengo denboraldia. Hossegorreko Grand Slamean final-laurdena irabazi nuen Curveurregaz aurreko barikuan. Markina-Xemeinen Hormaetxeagaz jokatu nuen, Beaskoetxea eta Irastorzaren kontra. Ondo hasita, lehen set-a 15-4 irabazi genuen, baina beste biak galdu. Zelako uda aurreikusten duzu? Helburu nagusiena eta nire ilusioa hiru txapelketa handietako bat irabaztea da: Miarritzeko Urrezko Xistera, Donibane Lohizuneko Internazionalak eta Gernikako Grand Slama. Horietako batean txapela etxera ekartzea. Oso gaitz dago, baina ahaleginduko naiz. Aukerak badaude. Iaz Miarritzeko Urrezko Xisteraren finalera heldu nintzen Goikoetxeagaz, baina galdu egin genuen. Ea arantza hori aurten kentzen dugun han edo hemen. BIHARKO FINAL-LAURDENAK (21.00):“Pilotari onenen mailan egotea edota eurei aurre egin ahal izatea da helburua”
- Goikoetxea-Lekerika vs. Hormaetxea-Aldazabal.
- Egiguren-Irastorza vs. Zulaika-Menvielle.
- Sarrerak. Turismo Bulegoan eta leihatillan (10 euro).