Pasealekuaren izaera mantentzeko lau akordio sinatu dituzte
Gernika-Lumoko Pasealekuaren izaera mantentzeko lau akordio sinatu dituzte Gernika-Lumoko Udalak eta Pasilekue Bizirik herri plataformak.Azkenengo asteetan Pasealekuko egitasmoa aztertzeko asmoz batzartu dira udaleko ordezkariak eta herri plataformako ...
Azkenengo asteetan Pasealekuko egitasmoa aztertzeko asmoz batzartu dira udaleko ordezkariak eta herri plataformako kideak proiektuaren arkitek- toagaz, eta batzar horien ondorioz, hainbat akordiotara iristea lortu dute.
Elkarlanean, euskal gudariak omentzeko eskulturaren kokapena berraztertu dute. Hala, izan behar duen «garrantzia txikitu gabe», Pasealekuko lehentasunezko erdigune batean kokatzea adostu dute; antzinako kioskoa zegoen tokia aukeratu dute horretarako. Eskulturaren kokapenak zeresana eragin zuen herritarren artean, eta horregatik erabaki dute lekua berraztertzea eta lekuz aldatzea.
Eskultura lekuz aldatzea erabakita, orain okupatzen duen leku hutsa alboetako sarrerekin eta erdiko guneagaz batzea erabaki dute; toki bakarra balitz bezala proiektatzea.
Horrela, ibilgailuak, oinezkoak eta mugikortasun mugatua daukaten pertsonak bertatik ibiltzeko konponbide bakarra eta «guztiena» dena lortuko dutela adierazi dute.
Horrez gain, Pasealekuaren ezkerreko aldean, goiko eta beheko eremuen arteko tartea txikitzea adostu dute batzarrean, bai eta ere zapaldu daitekeen behegain bat ipintzea, «arbolak babesteko jarduera oinarrizkoa dela» iritzita.
Azkenik, «harreman arina eta erraza» mantentzeko adostasunera iritsi dira udala eta herri plataforma. Eta, horrenbestez, «obrak bukatu arte» harreman estua mantenduko dutela adierazi dute.
Bi aldeen elkarlanagaz, Pasealekuaren proiektua hobetzeko asmoa daukate, eta lekuaren izaera bizirik mantentzearen alde egingo dutela adierazi dute: «Gaur egun bertan gauzatzen diren jarduerak mantendu eta hobetu nahi ditugu».
Adostutako ekarpenek eta zehaztapenek proiektua hobetuko dutela adierazi dute, eta horregatik beraien «poza» adierazi nahi izan dute: «Prozesu parte hartzaileak emandako ondorioekin bat datorren poza agertu nahi dugu, denon artean lortutako akordioa burutu dugulako».