Gernika-Lumoko Pasealekuaren
izaera mantentzeko lau akordio sinatu dituzte Gernika-Lumoko Udalak eta Pasilekue Bizirik herri plataformak.
Azken asteetan Pasealekuko proiektua aztertzeko asmoz batzartu dira udaleko ordezkariak eta herri plataformako kideak proiektuaren arkitektoagaz. Bilera horien ondorioz, hainbat akordiotara iristea lortu dute.
Pasealekua
Elkarlanean, Euskal gudariak omentzeko eskulturaren kokapena berraztertu dute. Hala, izan behar duen “garrantzia txikitu gabe”, Pasealekuko lehentasunezko erdigune batean kokatzea erabaki dute; antzinako kioskoa egon zen tokia da aukeratutakoa.
Eskulturaren kokapenak zeresana eragin zuen herritarren artean, eta horregatik
lekua berraztertzea eta lekuz aldatzea erabaki dute. Gudariak omentzeko eskultura lekuz aldatzea erabakita, orain okupatzen duen leku hutsa alboetako sarrerekin eta erdiko gunearekin batzea erabaki dute; hau da, toki bakarra balitz bezala proiektatzea.
Horrela, “ibilgailuak, oinezkoak eta mugikortasun mugatua duten pertsonak bertatik ibiltzeko konponbide bakarra eta guztiona dena” lortuko dutela adierazi dute.
Pasealekuko ezkerreko aldean gainera,
goiko eta beheko eremuen arteko tartea txikitzea adostu dute batzarrean, bai eta zapaldu daitekeen behegaina jartzea ere, “arbolak babesteko jarduera oinarrizkoa delako”.
Azkenik,
“harreman arina eta erraza” mantentzeko adostasunera iritsi dira Gernika-Lumoko Udala eta Pasilekue Bizirik herri plataforma. “Obrak bukatu arte”, harreman estua mantenduko dutela adierazi dute.
Ekarpenen zergaitia. Bi aldeen elkarlanagaz Pasealekuaren proiektua hobetzeko asmoa dute, eta lekuaren izaera bizirik mantentzearen alde egitea, “gaur egun bertan gauzatzen diren jarduerak mantendu eta hobetu nahi ditugu”.
Adostutako ekarpenek eta zehaztapenek proiektua hobetuko dutela adierazi dute, eta horregatik beraien «poza» adierazi nahi izan dute: “Prozesu parte hartzaileak emandako ondorioekin bat datorren poza agertu nahi dugu. Denon artean lortutako akordioa burutu dugulako”.