Mundakako organoaren
mendeurrena omentzeko kontzertuagaz hasiko dute zapatuan Mundakan aurtengo Urdaibaiko Organoak Joxe Mari Eguileor kontzertu zikloa. 40 urte betetzen dituen Gernika-Lumoko Andra Mari korala ere omenduko dute aurten.
Urdaibaiko Organoak aurkezpena
Ondare kultura kontserbatzeko, berreskuratzeko eta gozatzeko antolatutako Urdaibaiko Organoak kontzertu zikloa hamabosgarrenez egingo da, eta abuztuaren 15era bitartean
hamabi emanaldi antolatu dituzte.
Organoa balioan jartzea bilatzen duten musika emanaldi horiek Busturialdeko
zazpi herritan egingo dituzte; Arratzun, Bermeon, Busturian, Gautegiz Arteagan, Gernika-Lumon, Ibarrangelun eta Mundakan.
Bizkaian dauden barroko estiloko sei organoetatik hiru Busturialdean daudela azpimarratu dute aurkezpenean: Busturiako Axpeko Anda Mari elizan, Ereñoko San Migel elizan, eta Muxikan. Muxikako San Bizente Martiriaren organoa “altxorra” dela esan dute antolatzaileek, baina hondatuta dagoenez, “mutu” dagoela gehitu dute. Hala ere, musika tresna “baliotsu” hori
berreskuratzeko?”deialdi adoretsua” egin dute.
Programa berezia prestatu du Benantzi Bilbao ekimenaren zuzendariak, “ohitura zaharrak aurrera botatzeko” asmoagaz. Horregatik, lehenengo aldiz, Jon Artetxe gernikako musikariari lan bat egiteko proposamena egin ziola azaldu du; koro, organo eta txistulari bandarako musika lana. Eta Artetxeren San Pedro zeruetako abestian oinarritutako lan horregaz hasiko dutela aurtengo zikloa aitortu du.
Zapatukoa, Mundakako organoa omentzeko kontzertua izango da, eta domekako emanaldia, berriz, Andra Mari koralari zuzendutakoa. Bi kontzertuetan, Hilarion Eslaba musikaria goraipatuko dute, “bere heriotzaren 140. urteurrena delako aurten”. Zikloagaz bukatzeko, Karmele Burdain organista ezaguna ere omenduko dute Mundakan abuztuaren 15ean emango den azken kontzertuan.
Bitartean, herrialde ezberdinetako musikari ospetsuek parte hartuko dute emanaldietan; besteak beste, Yuzuru Hiranaka japoniarra, Maurizio Salerno milandarra eta Fabio Macera genoarra egongo dira.
Ekimen “oso garrantzitsua”?dela honakoa esan du Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko diputatuak, “ondarea bizirik mantendu behar delako; ondarea zaindu barik, ez delako ondarerik egongo”.
Bisita gidatuak. Emanaldiez gain, urtero legez bisitak ere egingo dituzte. Busturiko Axpe auzoko Andra Mari elizara (uztailaren 28an eta abuztuaren 4an) eta Mundakako Andra Mari elizara (uztailaren 24an eta abuztuaren 11an) joango dira. Busturira joan nahi dutenek 94-617 10 04 telefonora deitu beharko dute edota urdaibaikoorganoak@gmail.com helbidera idatzi. Mundakara joan nahi dutenek, aldiz, 94-617 72 01 telefono zenbakira deitu beharko dute edota helbide elektroniko berera idatzi.
Kontzertuak.
Zapatua. Mundakako Andra Mari elizan, 20:00etan.
Domeka. Gernika-Lumoko Andra Mari elizan, 20:00etan.
Uztailak 21. Gautegiz-Arteagako Andra Mari elizan, 20:00etan.
Uztailak 24. Busturiako Axpeko Andra Mari elizan, 20:00etan.
Uztailak 25. Gernika-Lumoko San Bartolome – Mertzede parrokian, 20:00etan.
Uztailak 28. Bermeoko San Frantzisko elizan, 20:30ean.
Uztailak 29. Ibarrangeluko San Andres elizan, 20:00etan.
Uztailak 31. Gernika-Lumoko Andra Mari elizan, 20:00etan.
Abuztuak 4. Arratzuko Santo Tomas elizan, 20:00etan.
Abuztuak 11. Busturiako Axpeko Andra Mari elizan, 20:00etan.
Abuztuak 12. Gernika-Lumoko San Pedro elizan, 20:00etan.
Abuztuak 15. Mundakako Andra Mari elizan, 20:00etan.